Koronabirusa

Zizurkilgo Udalaren oharra, umeei animoak emateko

Ataria 2020ko apirilaren 25a

Zizurkilgo Udalak ohar bat kaleratu du, herriko umeei animoak emateko, apirilaren 26tik aurrera kalera atera ahal izango direlako, hilabete baino gehiagoz etxean sartuta egon ostean.

Horrez gain, ohar hori baliatu nahi izan du umeei eskerrak ere emateko, etxetik atera ezinik egon diren tarte horretan guztian egindako esfortzuagatik. Udalak adierazi du jakitun dela zenbateko ahalegina egin behar izan duten haur zein gaztetxoek, erabateko konfinamenduan egon behar izan dutelako itxialdiaren hasieratik bertatik, inolako baimenik izan gabe kalera atera ahal izateko.

"Apirilaren 26tik aurrera, gauzak apur bat aldatuko dira, eta aldaketa handiago baten hasiera baino ez dela izango dirudi, gauzak onbidean doazela", adierazi du Zizurkilgo Udalak. "Itxialdia hasi zenetik egoera-aldaketetara egokitzen jakin izan duten bezala, apirilaren 26tik aurrerako irteera mugatura ere ederki moldatuko direla seguru gaude, eta, horregatik, animoak eman nahi dizkiegu udaletik".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!