Etxealditik Euskaraldira

Kultura eta Euskara batzordeak bat egin du 'Etxealditik Euskaraldira' ekimenarekin

Ataria 2020ko apirilaren 20a

Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra bitartean, Etxealditik Euskaraldira! izeneko ekimena jarriko da abian, Euskal Herri osoan. Zizurkilgo Kultura eta Euskara batzordeak ere bat egin du ekimen horrekin, eta parte hartzera animatu nahi izan dituzte herritar guztiak.

Bizi dugun egoera, etxealdi egoera, Euskaraldirako entrenamendu gisa baliatzea da proposamenaren asmo nagusia, eta hortik dator proposamenaren leloa ere: Etxealditik Euskaraldira!.

Ekimenak hainbat fase izango ditu: alde batetik, apirilaren 20a, ekimena aurkezteko erabili dute, helburuen berri emateko eta ekimenaren nondik norakoak aurkezteko; ondoren, apirilaren 21etik 23ra bitartean, etxeko hizkuntza-ohiturez hausnartzera gonbidatuko dituzte herritarrak; eta, jarraian, proposamen-fasea etorriko da, hizkuntza-ohiturak aldatzeko edo egokiak diren ohiturak finkatzeko proposamenak egingo zaizkie, apirilaren 24tik 30era bitartean, egun bakoitzeko proposamen bat. Azkenik, ekimena maiatzaren 3an amaituko da, ekimenari borobiltasuna emateko ekintza baten bidez.

"Etxealdia, beraz, beroketa ariketak egiteko eta jokaldiak entseatzeko baliatuko dugu, entrenamenduetan egiten den bezalaxe. Gero, azaroaren 20tik abenduaren 4ra jokatuko dugun partidara sasoi betean heltzeko, eta partida hori konfiantzaz eta segurtasun handiagorekin jokatu ahal izateko", adierazi dute Zizurkilgo Kultura eta Euskara batzordetik.

"Etxealdian prestatu eta Euskaraldian jokatu". Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek eta Rita Aldabaldetrekuk egindako aurkezpen-bideo honetan ekimenaren nondik norakoei buruzko informazio gehiago:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!