Zizurkilgo Udalak indarkeria matxista kasu bat salatu du

Ataria 2020ko apirilaren 16a

Aiztondoko mugimendu feministak 2019ko greban egindako mobilizazioa

Ertzaintzaren parte hartzea eskatu duen kasu baten berri izan du udalak. Horren aurrean oharra kaleratu du.

Zizurkilgo Udalaren oharra osorik:

"Konfinamendua gogorra izaten ari da herritar askorentzat, baina dramatikoa izan liteke indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden emakumeentzat. Baita gure herrian, Zizurkilen ere.

Zoritxarrez, azken orduetan izan dugu Ertzaintzaren parte hartzea eskatu duen eraso baten berri. Zizurkilgo Udalak eraso matxista oro irmo gaitzesteaz gain, gogoratu nahi du indarkeria matxistaren biktimentzako arreta zerbitzu zein babes mekanismoetan ez dagoela aldaketarik. Konfinamendu egoeran ere, babes eta laguntza osoa izango dute emakume erasotuek. Ohar honen bidez gogorarazi nahi dugu biktimentzako doako eta aztarnarik uzten ez duen arreta telefonoa: 900 10 00 09.

Era berean, etxe barruko beste hainbat indarkeria kasutan ere (haurrek jasa dezaketena, adinekoek…) udaleko gizarte zerbitzuen jardunak ez du etenik. Inork ez du bere aurkako jazarpen edo erasorik jasan edo onartu behar etxe barruan.

Zizurkil bidezkoago eta feministagoaren alde lanean jarraituko dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!