'Txikitasunean handi' argazki lehiaketa jarri du martxan Plazida Otañok

Ataria 2020ko apirilaren 13a

Legoko pertsonaien pieza txikiak erabili behar dira eguneroko egoerak irudikatuz. Argazkietan liburu bat gutxienez agertzea baloratuko dute eta umorearen erabilera kontuan hartuko da. 15 urtetik 25 urtera bitartekoek parte har dezakete.

Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 30a izango da. Argazkiak kamera digitalarekin edo telefono mugikorrarekin atera beharko dira. Argazkiei ukituak eman dakizkieke kalitatea hobetzeko iragazki orokorrak aplikatzeko badira. Hala ere, ez dago baimenduta operadore orokorrak erabiltzea, elementuak gehitu edo kentzeko, hainbat argazki nahasteko edo jatorrizko konposizioa aldatzeko.

Lehiaketan parte hartzeko zizurkiliburutegia@gmail.com helbidera bidali beharko dira argazkiak, gaia bezala Argazki lehiaketa 2020 jarrita. Mezuan izena, abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, jaiotze data eta posta helbidea agertu beharko dira, norberaren herria eta helbidea agertzearekin batera.  Pertsonako gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango dira.

Aiztondo bailarako gazteentzat 100 euroko saria banatuko dute eta beste hainbesteko saria emango diote bailaratik kanpoko gazte irabazleari. Fotoprix produktuetan gastatzeko 30 euroko 10 sari ere banatuko dira parte hartzaileen artean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!