Koronabirusa

Abesbatza musika entzuteko gonbita

Ataria 2020ko api. 10a, 16:19

Zizurkilgo Udalak, Aste Santuko oporraldian etxean egotea egokitu denez, Landarbaso eta Kontari abesbatzen doinuez gozatzera gonbidatu ditu herritarrak.

Zizurkilen hainbatetan izan diren abesbatzen doinuak entzutera gonbidatu ditu herritarrak Zizurkilgo Udalak. Landarbaso Errenteriako abesbatzena, esaterako. Udaletik  gogoratu dute behin baino gehiagotan izan direla herrian euren musika eskaintzen, eta kontzertuetara hurbildu diren herritarrek "asko gozatu" dutela. Euren historia eta ibilbidearen Berri ere eman dute: "Landarbaso abesbatza 1991. urtean sortu zen eta gaur egun batez beste 29 urteko adina duten 43 abeslarik osatzen dute. Iñaki Tolaretxipi da taldearen sorreratik zuzendaria, punta-puntan dagoen egungo gipuzkoar zuzendari onenetarikoa. Abesbatzak oso programa zabala lantzen du, garai eta estilo desberdineko obra profano zein sakroak ere abestuz. Abesbatza musika sorkuntza lana bultzatu eta euskal folklorearen harmonizazio lana egiten du, proposamen musikal berritzaileak eskainiz. Landarbasok azken urte hauetan nazio mailako zein nazioarteko ziklo, lehiaketa eta kontzertu askotan parte hartu du, eta lau sari nazional eta nazioarteko beste 14 lortu ditu.

Hala, euren musikaz gozatzeko, abesbatzak sarean zintzilikatutako hainbat lotura partekatu nahi ditu udalak herritarrekin:  
Horrekin batera, hamar minutuko iraupena duen dokumentala ikustera ere gonbidatu dute. Bertan, abesbatzako musika nola bizi duten kontatzen dute, besteak beste:
https://www.youtube.com/watch?v=px0EmVF2bKE
 
Landarbaso abesbatzaz gain, egunotan Kontari abesbatzaren doinuak entzutera ere gonbidatu dituzte herritarrak. Landarbaso abesbatza elkartean bertan sortutako taldea da, 2016-2017 ikasturtean, eta egun 8 eta 15 urte bitarteko 45 abeslari inguru aritzen dira. Udaletik gogoratu dute pasa den urtean abestu zuela abesbatzak Plazida Otañoko ikasgelan: "Sorpresa ederra izan zen bertaratu ziren guztientzat".
 
Abesbatza gaztearen emanaldi bat ere partekatu nahi izan dute herritarrekin: 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!