Koronabirusa

Digitalki banatu dute 'Zer ote?' programazioa Zizurkilen

Ataria 2020ko api. 4a, 13:11

Modu digitalean banatuko du Zizurkilgo Udalak kultur programazioa biltzen duen buletina eta ez etxez-etxe. Antolatu diren ekimenei buruzko informazioa banatu dute.

"Ez gaude geldirik, gure sailek lanean jarraitzen dute, eta egoera berrira egokitutako proposamenak sortzen ari gara", aipatu dute Zizurkilgo kultura arduradunek.

Honako informazioaren berri eman dute:

Ikastaroak bideoz jarraitzeko aukera

Zizurkilgo Udaleko kultura sailak hamaika ikastaro ditu martxan. Ikastaroetako irakasleei ikastaroak etxean jarraitzeko bideoak grabatzeko eskaera egin diete. Zizurkil Kultura Facebook orrian zintzilikatuko dituzte bideoak.

Gaztezulo

Egunero-egunero erronkak proposatzen dizkie gazteei. Lehenengo astearen ondoren, lehiaketa bat martxan jarri da Gaztezulotik. Gaztezuloko Facebooken topatu ahal izango dira erronkak.

Idazmen tailerra

Oihana Iguaranek bideratzen duen idazmen tailerrak martxan jarraitzen du teknologi berrien laguntzaz. Taldekideen artean errelatoak sortuko dituzte.

Hitzolariak

2019ko Euskararen Egunaren harira Tolosaldea osoan martxan jarri zen ekimena berreskuratu dute Zizurkilen eta orduan bildu ez ziren hitzak jaso nahi dituzte.

Bakoitzarentzat esanguratsuak diren edo izan daitezkeen euskarazko hitzak ekartzea edo sortzea proposatzen dute. Esanahi berria hartu duten aspaldiko hitzak, dagoeneko gutxi edo erabiltzen ez diren hitzak, herrian edo inguruan erabiltzen direnak, gremio edo kolektibo jakinetan erabiltzen direnak... Hitz hauek bulegoa@zizurkil.eus helbidera bidaltzeko proposatu dute.

Errenta aitorpena euskaraz

Laster jasoko dute herritarrek errenta aitorpena. Euskaraz egiteko aukera dagoela gogoratu du Zizurkilgo Udalak.

Oporretan Euskaraz-erako begiraleak

Ekainaren 22tik uztailaren 17ra egingo dute lan udaleku irekietan eta bertan aritzeko 8 edo 9 begirale behar dira. Honako baldintzak bete beharko dituzte deialdian parte hartzeko: 18 urteak beteak izatea edo aurten betetzea; euskara ondo menderatzea; begirale titulua izatea; elkarrizketa-talde dinamika gainditzea; Zizurkilen erroldatuta egotea.

Izen emateak bulegoa@zizurkil.eus helbidera bidali beharko dira apirilaren 30a baino lehen. Egoera bere onera etortzen denean hautaketa egiteko moduaren inguruko xehetasunak emango ditu Zizurkilgo Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!