Zizurkilgo XVIII. Blues Gaua egingo dute bihar

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 12a, 10:47

Hiru kontzertu izango dira: 13:00etan Txindoki tabernan Mojo Hand 4et; 23:00etan Atxulondo tabernan Los Saxos del Averno; eta 00:30ean Egarri tabernan The Sweet Vandals.

MOJO HAND (Txindoki tabernan 13:00etan)

Bluesean eta hartatik eratorrietan interpretatzailearen arima da denetan garrantzitsuena. Entzuten ari denarenganaino iristeko eta haren barruan jotzeko ikasten eta irakasten ez den gaitasun horixe da garrantzitsuena. Musika organikoa, non gutxiago beti gehiago den. Non sentimendua ezinbestekoa den eta teknika tresna erabilgarri bat besterik ez. Taldekide bakoitzak entzuten ari denari transmititzen dion gaitasun indibiduala da Blues talde bat handi egiten duena, taldekide hori proiektu partekatu batera lerratzen baita nahitaez sentimendutik edan behar duen estiloa interpretatuko badu. Asko dira deituak, baina urri hautatuak. Zalantza izpirik gabe, Mojo Hand da, Euskadin, azken talde horretan sailkatu beharreko bat.

Orain arte egindako ibilbide laburrean, talde donostiar honek Estatuko gainerakoan ibilbide luzea egindako hamaika proiekturen mailako kalitatea erdietsi du bere proposamenean. Taldea 2016an osatu zuten musikaren esparruan eskarmentu handia duten bost lagunek: Gorka Azpiroz (ahotsa), Jon Aira (gitarra), Fernando Neira (baxua), Karlos Arancegui (bateria) eta Paul San Martinek (pianoa).

SAXOS DEL AVERNO (Atxulondo tabernan 23:00etan)

Freedonia, TheLimboos, Los Reyes del K.O., Ogun Afrobeat, Ketama eta Chucho Valdés banden errautsetatik sortu ziren Los Saxos del Averno. Jatorrian talde instrumentala izan zen, abeslari gonbidatu bat izaten zuen, baina orain Adrián Costa bluesman galiziarrak betetzen du lan hori. Oso leku ezberdinetakoak dira taldekideak, Madril, Logroño, Santiago de Compostela, Burgos eta Kubako Santiago dira haien sorterriak. Une honetan Roasted Sinner (Happy Place Records) diskoa ari dira aurkezten.

Hasiera batean soilik saxofoiez osatutako taldea izan zen (saxo soprano bat barne), grabazioak egin zituzten haize sekzio gisa eta hainbat bira egin zituzten Julián Maeso, Ginferno, Pájaro eta Vinila Von Bismark bezalako musikariek gonbidatuta. Gero beren musika egiteko erabakia hartu zuten, eta kontzertu bakoitzean berritu egingo zen frontman bat izango zuten abeslari. Lehenengo biran Julián Maeso, Anaut eta Roi Fontoira izan zituzten lagun. Baina gau batez, Madrilgo Centralen, Adrián Costa gonbidatu zuten, ezin hobe hartu zuten elkar eta grabatu egin zuten.
Eragin nagusiak: 50. eta 60. urteetako musika, Rhythm and Blues eta erritmo latinoak, bluesa, jazza eta funka. Ia musika beltz guztia eta antzekoak, betiere Infernuko labetik igarota.

Izen bereziekin: Little Richard, Ray Charles, Mingus Big band, Mambo Jambo Arkestra, Louis Prima…
Euren hitzetan, koipetsua da bandaren lehen diskoa, eta ezin dantzagarriagoa eta izerdikorragoa azken singlea.
Zuzeneko emanaldietan Adrián Costa (Los Reyes del KO, TheCriers…) bluesman galiziarraren ahotsa eta gitarra ditu bandak lagun. Taldekide berria da Costa, bat egin du Infernuko familia ezagunarekin, Dani Niño (TheLimboos, OGUN afrobeat…), Ariel Brínguez (Chucho Valdés, Javier Colina…) eta Luis Verde (El Niño Josele, Jerry González…) saxo jotzaileekin, ChaviOntoria (Freedonia, Shirley Davis…) teklistarekin eta Miguel Benito “PT” (Gatos Bizcos, Xoel López…) bateria jotzailearekin.

THE SWEET VANDALS (Egarri tabernan 00:30ean)

Blues trinkoa, funk sakona eta soula egiten dituen banda da The Sweet Vandals. 2005. urtean, Funkxplosion laukote instrumentalak beste sorkuntza bide bat hartzeko eta Mayka Edjole abeslaria taldera biltzeko erabakia hartu zuenean sortu zen The Sweet Vandals. I gotyouman binilozko singlearekin aurkeztu zen lehenengoz banda, Funkoraman argitaratu zen eta Carlo Coupé bera izan zen ekoizlea. Berehala agortu zen diskoa, eta nonahi entzun zitekeen Keb Darge, Andy Smith eta Henry Storch bezalako nazioarteko disko jartzaileen eskutik. Geroago, Julián Maeso arduratuko zen teklekin, eta Berlingo Lovelite klub mitikoan jo ostean kontratu bat sinatu zuten Alemaniako Unique Records diskoetxe entzutetsuarekin. Orduan abiaraziko zuten lau album, hamarren bat single eta konpilazio ugari ekarriko zituen ibilbide guztiz bizkorra. 10 urteko epean Europa osoan barrena, Mexikon, Turkian eta Afrikako Réunion Uhartean jo zuten, eta besteak beste Alemaniako WDR Rockpalast saio mitikoan eta Ingalaterrako BBCren Maida Vale estudioetan grabatu zuten, horrenbestez bihurtuko ziren funk sakonaren mugimenduko erreferentziazko talde Europa mailan.

Une honetan hauexek dira The Sweet Vandals taldea osatzen duten kideak: Mayka Edjole abeslaria, José “Yusepe” Herranz gitarrista, Santi ”Sweetfingers” Martín baxu jotzailea, Javi “Skunk” Gómez bateria jotzailea eta Santiago “Diamond” Vallejo organista. Celofunk, Funxplosion, SuperSkunk eta Depedro bandetan zaildutako musikariak dira denak. Funk egiten dute, kutsu klasikoko funk sakona, duela hainbat hamarkadatako 45 batetik irtena dirudiena, funk bizi-bizia, irmoa, erritmo gordinarekin, suspergarriarekin, dantzagarriarekin, sekulakoa, zikina… Izan ere, aitor dute 70eko hamarraldiaren hasierako musika dutela ipar, James Brown gordinena eta haren faktoriako artista batzuk. Baina hauena ez da imitazio edo errepika bat, ezpada mundu osoko kritika konbentzitu duen berrinterpretatze guztiz pertsonala. James Brownen Papa’sgot a brand new bag, Otis Reddingen I love you more tan words can say, eta Marvin Gayeren What’s going on bezalako bertsio klasikoak grabatu dituzten arren, erabat originalak dira The Sweet Vandals taldearen gaiak. Soinu gordina bilatzen dutenez, taldearen zuzeneko kontzertuetan aditzen den soinuaren antzekoa bilatzen dutenez, tresna analogikoekin grabatu dituzte beren diskoen zati asko eta asko.

Urte hauetan ongi zaildu dira agertokiak Maceo Parker, Sharon Jones, Neneh Cherry eta Femi Kuti bezalako artistekin partekatuta, baina oinetakoak apurtzen dituen taldearen groove suntsitzaileak ez dizkio ateak ixten soul klasikoenari, ez dio beldurrik generoko maisuei begietara begiratzeko.

Beroa eta inguratzailea batzuetan eta apurtzailea bestetzuetan, taldearen nortasunaren ikurretako bat da Maykaren ahotsa. Taldearen konposizioen zintzotasunaren, Hammond teklatu erregaitzaren eta interpretazio zirraragarrien aurrean ezin geldirik egongo zara. The Sweet Vandals taldeak erre egiten du agertokia bluesa, soula eta funka elkartzen dituenean. Madrildarrak diren arren, zuzenean 70. urteetako agertoki estatubatuarretik etorriak direla ematen du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!