Erretiratuen egoitza itxiko dute Zizurkilen

Ataria 2020ko martxoaren 12a

Osasun sailak emandako gomendioari jarraituz, Zizurkilgo Udalak Elizpe erretiratuen elkarteari jakinarazi dio jubilatuen egoitzaren behin behineko itxiera, Covid 19 Koronabirusaren zabalpena dela eta.

Zizurkilen ez da momentuz kasurik izan, baina kontuan hartu behar da adinekoak direla bereziki zaindu beharreko biztanle tartea. Honela dio Jaurlaritzako osasun sailaren oharrak:  "Gaixotasunaren ondorioek gehien kaltetzen dituzten herritarrak, hau da, adinekoak, gutxiago kutsatu daitezen ekintza gehiago egitea erabaki da. Horregatik, hartutako neurrien maila handitu da eta adinekoen egoitzetan bideratu diren erabakiez gain, adinekoak elkartzen diren guneetara ere prebentzio-neurriak zabaltzen hasi dira. Izan ere, adineko asko elkartzen dituen jarduerak (dantzetan, karta-jokoetan, bingoetan eta abarretan…) Osasun Sailak luzatutako eta leku guztietan hartzen ari diren arretazko neurrirekin bateragaitzak baitira. Horregatik guztiagatik Osasun Sailak udalen esku dauden adinekoen etxe eta klubak (jolas-jardueretarako zuzendutakoak) aldi baterako ixtea gomendatu du, Euskal Autonomo Erkidego osoan".

Larunbateko irteera, bertan behera

Datorren larunbatean, martxoak 14, emakumeen urteroko irteera egitekoa zen udaleko berdintasun sailaren ekimenez. Irteeran parte hartzen duten emakume ugari erretiratuak direla ikusita eta osasun sailak emandako gomendioak jarraituz, Zizurkilgo Udalak irteera hori bertan behera uztea erabaki du, alderdi guztiekin egoera aztertu eta gero. Prebentzio neurri gisa eta arduraz hartutako erabakia dela adierazi dute udal arduradunek. Zizurkilgo Udalak jakinarazi du aurrerantzean ere osasun sailaren eta adituen gomendioen arabera jokatuko duela, herritarren osasuna bermatze aldera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!