M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2020

Emakumeen sarea sendotzeko eta indarkeriari aurre egiteko indarrak batzeko konpromisoa azaldu du EAJk

Ataria 2020ko martxoaren 9a

Gutuna kaleratu du Zizurkilgo EAJ-PNVren udal taldeak:

Osoko bilkuran onartutako adierazpen instituzionalean hainbat konpromiso hartzeko eskatu eta proposatu du Zizurkilgo EAJ-PNVren udal taldeak, horien artean:

1. Berdinbidean, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Euskal udalerri txikien sarea, sendotzen eta handitzen jarraitzea.

2. Emakumeez osatutako erakunde eta taldeen sorrera eta jarduna errazteko baliabideak bideratzea.

EAJ-PNVren udal taldearen helburua da konpromiso zehatz horien bitartez, emakumeen sarea sendotzea, ahaleginak batzeko eta elkar-ezagutza sustatzeko, eta tokiko gobernuetatik elkarrekin jardutea, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako politikak bultzatu, indartu, koordinatu eta ebaluatzeko.

Udal taldetik azpimarratu dute, martxoaren 8a egindako bidea azpimarratzeko eguna dela, baina baita emakumeon eskubideak eta gizon emakumeon berdintasun erreala aldarrikatzekoa ere eta bereziki konpromisoak hartzekoa, oraindik badelako bide luzea egiteko. Hori dela eta proposatu eta txertatu ditu EAJren udal taldeak konpromiso zehatzak Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko idatzian.

EAJ-PNV beti egon da eta egin du berdintasunaren alde ordezkaritza izan duen erakunde publiko guztietan, politika publiko eraginkorrak sustatuz. Konpromiso horren haritik, adierazgarria da emakumeen presentziak gora egin duela azken hamarkadetan bai Eusko Jaurlaritzan, baita Gipuzkoako Foru Aldundian, Batzar Nagusietan eta udaletan, Zizurkilen esaterako EAJk dituen ordezkari guztiak dira emakumezkoak.

Baina oraindik bada bidea egiteko eta horregatik, emakumeen sarea sendotzea eta indarkeriari aurre egiteko indarrak batzea ezinbestekotzat jo ditu EAJ-PNVren udal taldeak berdintasunaren alde urratsak egiten jarraitzeko.

Zizurkilgo EAJ-PNVren udal taldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!