Landareen gaixotasunak sendatzeko erremedioen inguruko ikastaroa Fraisoron

Ataria 2020ko martxoaren 5a

Eritasunak saihesteko eta baratzean eta lorategian landareak sendatzeko erremedio naturalak izenburupean, ikastaroa martxoaren 23, 24, 25 eta 26an izango da, 15:30etik 19:30era bitartean, Fraisoro Eskolan bertan

Clara Gutiérrez izango dute irakasle, landareak sendatzeko landareetan, sendabelarretan eta basalandare jangarrietan aditua.

Produktu fitosanitarioen aplikatzaileari buruzko ikastaroetan mezu bat zabaltzen dute Fraisoro eskolako kideek: produktu kimiko bat erabili aurretik, beste aukera naturalago batzuk probatu daitezke, aplikatzailearentzat kaltegarriak ez direnak eta ingurumena errespetatzen dutenak. Ikastaro honetan, landare basatiekin eta landatuekin landare prestakinak egingo dituzte, hainbat teknika erabiliz, eta baratzeko eta lorategiko izurriteei eta gaixotasunei aurrea hartzeko trikimailu erraz eta eraginkorrak ezagutuko dituzte. Ikastaroaren antolatzaileen esanetan, "biodibertsitatea gure aliatua da landareen eta baratzezainen eta lorezainen osasunerako".

Ikasle kopurua mugatua izango da. Informazio gehiago lortzeko eta matrikula egiteko, honako bide hauek erabili daitezke: fraisoro@fraisoroeskola.eus eta 943692166 telefono-zenbakia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!