«4.000 soinu baino gehiago konpondu ditut»

Irati Saizar Artola 2020ko mar. 6a, 19:59
Luis Astiasaran, bere tailerrean, soinu bat konpontzen. I. SAIZAR

Tolosaldeko soinu konpontzaile bakarra da Astiasaran. Mota eta neurri ezberdineko soinuak konpontzen ditu, eta orduak pasatzen ditu bere etxean duen tailerrean lanean.

Duela hamazazpi urte inguru ireki zuen soinuak konpontzeko tailerra Luis Astiasaranek (Zizurkil, 1955). Konpontzeaz gain, hamaika plazatan aritu izan da anaiarekin batera soinua jotzen. Orain, ordea, konpontzeaz soilik arduratzen da, eta pasioz bizi du egiten duena.

Soinuarekin betidanik izan duzu harremana?

Soinuarekiko zaletasuna txiki-txikitatik izan dut, bai. Esaterako, 12 urte inguru nituenean Eleuterio Tapia zenaren soinu batzuk konpontzen nituen, zenbait konponketa egiten nizkion.

Gaztetatik datorkizu, beraz, soinu konpontzailea izateko grina.

Andoaingo Udalean egiten nuen lan, eta ordenagailuekin lan egitea egokitu zitzaidanean utzi egin nuen. Zer egin ez nekiela geratu nintzen, eta Juan Mari Beltran musikariak bultzatu ninduen konpontzaile lanetan hastera. Lasarteko Tirikitrauki dendakoei nire asmoen berri eman nien, eta haiek lagunduko zidatela esan zidaten, baina horretarako, Italiara joan behar nuela; Italia dela soinuaren ama eta afinazioa eta ikasteko hara joan behar nuela. Hamazazpi urtez joan nintzen Italiara, eta eskerrak horri.

Italiatik bueltan tailer bat irekitzea erabaki zenuen.

Bai, etxean bertan prestatu nuen tailerra, makinak ekarrita. Duen alde txarra da, etxean bertan izanda, ordu asko pasatzen ditudala. Niretzat egunak 25 ordu ditu tailerrean banago. Askotan irratia pizten dut, eta orduak joaten zaizkit familiartekoren bat bazkaltzera joan beharko dudala esatera etortzen zaidan arte. Duela gutxi hasi naiz asteburuak jai hartzen.

Zer konpontzen duzu zehazki?

Soinu txiki nahiz handiekin aritzen naiz. Gehienbat italiarrak direnak konpontzen ditut. Hemen egindako batzuk ere bai, Larrinaga Guerrinirenak esaterako. Tekla hautsi dela, okertu egin dela, arazoren bat dutela konpontzen ditut.

Soinu bat jasotzen duzunean erraz identifikatzen duzu zein arazo duen?

Orain bai, baina hasieran asko kostatzen zitzaidan.

Behin arazoa identifikatuta, piezak lortu beharko dituzu.

Normalean Italiatik ekartzen ditut, internet bidez eskatuta. Neronek ere egin izan ditut pieza batzuk, baina gehienak ekarri egiten ditut.

Gutxi gorabehera, zenbat soinu edukitzen dituzu une berean tailerrean?

Normalean 70 inguru. Oraintxe izaten da lan gutxien edukitzen dudan bolada.

Soinua instrumentu konplikatua dela esango zenuke?

Lanerako ez nuke esango. Hasieran, ordea, beldur pixka bat ematen zidan, baina orain, hiru edo lau aldiz askatu behar bada ez zait inporta, ez zait batere kostatzen. Nahiago dut ondo konpontzea, erdizka itzultzea baino; lasaiago geratzen naiz.

Esperientziak erakutsi dizu hori?

Bai. Hasieran, soinu batek zer zuen identifikatzen ez banuen, lorik ere ez nuen egiten. Gauean pentsatu eta pentsatu, orduan etortzen zitzaidan ideiaren bat. Goizean lanean hasi, eta orduan egiaztatzen nuen ea zuzen ari nintzen.

Jabearentzat askotan instrumentu kuttuna izaten da. Ondo konpontzeko presioa edo sumatzen duzu?

Guztiak behar bezala konpontzen saiatzen naiz, ahal dela. Bestela, berriro ere bueltan etorriko da jabe bera. Eta hori ez nuke nahi.

Badakizu zenbat soinu konpondu dituzun dagoeneko?

Soinu bakoitzak bere numerazioa izaten du eta ordenagailuan fitxa bat egiten diet. 4.000 soinu baino gehiago konpondu ditut orain arte. Kontua da, agian, soinu bera behin baino gehiagotan ekartzen didatela konpontzeko.

Gogoko duzu egiten duzuna?

Bai, berriro jaioko banintz pentsatzen dut soinu konpontzaile izango nintzatekeela. Momentuz, erretiroa hartu arte honetan jarraitu nahi dut.

Soinua jotzen ere ibilitakoa zara.

Urte mordo batean aritu izan naiz, baina utzita nago orain. Inguruko plaza gehienetan soinua jotakoa naiz anaiarekin batera. Azken urteetan, alaba ere batu zitzaigun. Tailerrean, ordea, lan asko edukitzen dut eta bietako bat aukeratu beharra ikusi nuen eta konpontzen jarraitzea erabaki nuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!