Bulandegi bidea berritzeko lanari ekingo dio aurten udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 5a, 07:59

Zizurkilgo Udalak 2020ko aurrekontua onartu eta ohiko gastuetara bideratutako diru saila handitu du, auzoetan egin nahi diren berriztatze lanak egin ahal izateko

Zizurkilgo udal gobernuak aurtengo aurrekontua prestatzen egin duen «ahalegina» nabarmendu du Iker Urruzola alkateak: «Hurrengo urteetan jarraipena izango duten proiektuei hasiera emango zaie aurten». Egitasmo horietako bat da Bulandegi bidearena, berriztatze lanak fase ezberdinetan egingo baitituzte. Uda aurretik egingo dute lehenengo zatia, Joxe Arregi plazatik biribilguneko zebrabidera bitartekoa. Oinezkoentzat egokituko dute errepidearen zati bat eta zebrabidea zabalduko dute, oztopo arkitektonikoak ezabatuz. Aurtengo aurrekontuan, 90.000 euro jaso dituzte lan horiek egiteko.

Gaur egun, 8.000 eta 10.000 ibilgailu pasatzen da egunean Bulandegi bidetik eta trafikoaren zati handi bat astuna da. Biala Orain! plataforman bildutako herritarrek Zizurkilen saihesbide bat egiteko eskaera luzatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari baina ez dute, oraingoz, erantzunik jaso. Zizurkilgo Udala ere duela hilabete eta erdi bildu da Bide Azpiegituretako sailarekin eta Urruzolak baieztatu du ez dutela saihesbidearen aldeko konpromisorik jaso. «Esan digute errepide hori ez dagoela lehentasunen artean eta legealdi honetan behintzat ez dutela burutuko». Herritarren ezinegonaz kontziente da udala eta bidea haiekin batera egiteko konpromisoa azaldu du alkateak. Bien bitartean, Bulandegi bidea irisgarriagoa egiteko lanekin jarraituko dute hurrengo urtetik aurrera: «Hurrengo faseetan ingurunea egokitzen jarraituko dugu eta trafikoa mantsotzeko neurrik hartzen ahaleginduko gara, bertatik pasatzen diren ibilgailuek jakin dezaten ez dela errepide orokor bat, herri barruko bidea baizik».

Aurrekontua aho batez

Otsailaren 10ean onartu zuen Zizurkilgo Udalak 2020ko aurrekontua, 3.372.370 eurokoa, EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. Iazkoa baino %4,2 handiagoa da eta kopuru hori guztia inbertsioetara bideratu beharrean, ohiko gastuetarako erabiltzen den diru saila igo dute aurten. Herri bideak konpontzen jarraitzeko, 47.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute, adibidez, baina aldi berean, ohiko gastuetatik, beste 27.000 euro bideratuko dira lan horietara. «Uste dugu zenbait lanek ezin dutela inbertsio puntual baten zain egon eta jarraipena behar dutela denboran. Egunerokotasunean jarri behar dugu indarra eta horretarako aurrekontuan gastu horiek aurreikusi behar ditugu». Besteak beste, Akezko eta Ihartza auzoetan argiteria aldatuko dute aurten eta zenbait lekutan eserlekuak aldatuko dituzte. Herrigunean argiterian aldaketak egingo dituzte, besteak beste, Intxaur frontoira 5.000 euro bideratuz.

Hala eta guztiz ere, Plaza Etxeberri etxearen erosketaren bigarren zatiak hartuko du aurrekontuan partidarik handiena. 200.000 euro bideratuko dira erosketa gauzatzera eta hurrengo urtean ordainduko dute geratzen den zatia. Gastu mugaren arauari egin dio erreferentzia alkateak: «Garai batean udalak buru gabe zorpetu zirela argudiatuta ateratako arauak askomugatzen gaitu inbertsio estrategikoei ekiteko unean. Ezin dugu mailegu handi bat eskatu eta aurreko urtean baino ehuneko txiki bat gehiago soilik gastatzen uzten digu». Hala ere, Urruzolak nabarmendu nahi izan du zorra murrizteko urteotan udalak egin duen ahalegina. Urtea 641.504 euroko zorrarekin amaitzea aurreikusten du udalak, %19,4ko zorpetze mailarekin. «Lau urte hauetan, horrela jarraituz gero, %5eko zorpetze mailara jaisteko aukera egongo dela ikusten dugu».

Plaza Etxeberri erostetara bideratuko du aurrekontuaren zati bat udalak, baina aldi berean Herribizigune taldeak eraikinaren inguruan abiatu duen gogoeta prozesuarekin jarraituko du. Bertan erabakiko da zein behar dauden herrian eta zein erabilpen eman ahal zaion Plaza Etxeberriri. Urruzolak, aurreratu du, uda aurretik taberna-jatetxearen zerbitzuaren esleipenaren inguruko albisteak egongo direla. Oraingoz, zerbitzuaren kudeaketa bi aldiz atera dute lehiaketara eta bietan geratu da hutsik. Bide batez, Karidadeko Bentan hutsik geratu den lokala larrialdi etxebizitza bezala egokitzeko asmoa du Zizurkilgo Udalak. Printzipioz, 5.000 euroko inbertsioa egingo dute leku horretan. «Larrialdi egoeretan daudenei irtenbidea emateaz gainera, gure ametsa da 8-10 lagunentzat lotarako tokia egokitzea bertan. Herrialde Katalanetako Llado herriarekin senidetuta gaude eta hara joaten garenean guri harrera batean egiten digute, larrialdi egoeretarako egokituta duten komentu batean. Maila berean ez, baina gustura geundeke toki hori egokitu ahalko bagenu».

Elbarrena gune bizia

Elbarrena auzoan mugimendu handia dabil azken aldian alkatearen iritziz: «Ostatuek martxa ona dute, Danena taldean gazte asko dabiltza, kultur etxean Loatzo musika eskolak eta Bulai dantza taldeak eskolak ematen ditu eta mugimendu handia dabil liburutegian». Atxulondo kultur etxea egokitze, mantentze eta konpontze lanak egiteko 22.000 euro jarriko dituzte aurten. Leihoak aldatuko dituzte kultur etxean, modu horretara, eraikinaren isolamendua hobetu eta energia aurrezteko.

Futbol zelaia berritu zutenetik, Danena kirol elkarteak zabaltze handia izan du herrian. «300 fitxa ditu klubak, populazio osoaren %10a, gutxi gora behera». Erabilera horrek eragina izan du futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan eta zorua konpontzeko eta argiteria jartzeko 4.500 euro jarriko dituzte. Bide batez, Danenako aldagela zaharretan galdara aldatzeko 10.000 euro bideratuko dira.

Elbarrena inguruan, merkataritza sustatzeko partida bat ere sortu du udalak, ostalari eta dendariekin batera, zenbait ekimen aurrera eramateko. Dagoeneko hiruzpalau aldiz bildu da udala merkatariekin, eta elkarlanean, otsaila bukaeran bi saski zozkatu zituzten. «25 saltoki inguru daude herrian eta gure konpromisoa haiei hauspoa ematea da, merkatari berriek gune erakargarri bat ikus dezaten, bere negozio berria jartzeko».

Udal gobernuarentzat estrategikoak diren ekimenentzako laguntzak ere txertatu dituzte aurrekontuan: «Esan izan dugu euskara eta feminismoa ardatz ditugula, Tolosaldeko Euskararen mahaiarentzat eta Tolosaldeko Emakumeen Etxearenzat finantziazioa jaso dugu aurrekontuan». Joan den otsailaren 28an aurrekontuaren aurkezpen publikoa egin zuten Plazida Otaño liburutegian. «Berriak gara ardura hauetan eta arduraz jokatu dugu aurtengo aurrekontua osatzeko. Udal sail bakoitzaren iritzia jaso dugu eta gure herri programan jasotakoak txertatzen saiatu gara. Prozesu honetan lehentasunak markatu ditugu eta ariketa honek funtzionatzen duela ikusi dugu. Ahal bada, datorren urteari begira, parte hartzea zabaldu nahi genuke eta diru kantitate bat jarri herritarren esku, zertan inbertitu erabaki dezaten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!