Feminismotik aztertuko dute tortura osteko osaketa bidea

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 12a, 11:27

Joxe Arregi 1981eko otsailaren 13an hil zen eragin zizkioten torturen ondorioz; Data gogoratuz, bihar mahai ingurua eta igandean ekitaldiak egingo dira

Zizurkilen, Joxe Arregi zenaren jaioterrian antolatu ditu ekitaldiak Egiari Zor fundazioak, «jasandako mina ez errepikatzeko, gertatutakoa ezagutzea baita berme onena». Kriminologiaren Euskal Institutuak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak 2017ko abenduan aurkeztu zuten EAEko torturari buruzko txostena. Bertan jasotzen den argazkia «beldurgarria» da Egiari Zor fundazioaren ustez: azken 50 urteetan 3.415 pertsonek salatutako gutxienez 4.113 tortura kasu frogatutzat jotzen dira. Kasuen %15,8 emakumeei dagozkie.

Aurten torturak jasandako pertsonen osaketa prozesuan eta esperientzia traumatiko horri aurre egiteko mekanismoetan jarri nahi du arreta fundazioak eta mahai ingurua antolatu du, bihar, 19:00etan Atxulondo kultur etxean. Hain zuzen, genero ikuspegitik landu nahi dute gaia, «ezin ulertu baitaitezke gatazkaren testuinguruan emakumeek jasaten dituzten indarkeria forma askotarikoak, tortura tarteko, horiek posible egin dituzten genero arrazoiei erreparatu gabe». Nekane Txapartegi, Olatz Dañobeitia eta Miren Azkarate, tortura pairatu duten hiru emakumek hartuko dute parte mahai inguruan eta feminismotik aztertuko dute nola egin dakiekeen aurre tortura bezalako giza eskubideen urraketa larri batek dakartzan ondorioei.

Egiari Zor fundazioak azpimarratu duenez, «izugarria baldin bada ere», beharrezkoa da egia jakitea, «gatazkaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketa orok izan behar baitu aitortua eta erreparatua». Kriminologiaren Euskal Institutuak 2017an argitaratutako txostena bost hamarkada baino gehiagoan polizia etxeetan gertatutako krimen sistematikoaren testigantza argia dela uste du fundazioak eta, gainera, «oraindik inork ez du bere gain inolako ardurarik hartu».

Bestalde, igandean, Joxe Arregi gogoratuko dute Zizurkilen. 09:00etan Haizetsura ibilaldia abiatuko da eta eguerdian bere izena daraman plazan ekitaldia egingo dute. Ondoren, bazkaria izango da Urkamendi elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!