Bidea itxi dute, bide berria eskatzeko

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 6a, 09:51

Zizurkilgo Elbarrenako biribilgunean 150 pertsona bildu ziren atzo protesta egiteko; Ernio eta Bulandegi bideak itxi zituzten ordu erdiz, saihesbide berria eskatzeko.

Trafiko kopuru handia pasatzen da Zizurkilgo erdigunetik. Egunean 10.000 ibilgailu jasan behar dituzte eta arazorik handiena trafiko astunak eragiten du. Sarri izaten dira arazoak. Biala Orain plataformako Iñaki Alustizak azpimarratu du ez dela justua eta ezta logikoa ere bidea horrela mantentzea, kutsadura akustiko eta atmosferiko handia dagoelako.

Trailerrek eta pisu handiko kamioiek sortzen dituzte arazo gehien eta gauetan pasatzen diren ibilgailu bereziek txikizioak eragin izan dituzte errepidean: "Seinaleak eta semaforoak desmuntatu behar izaten dituzte kamioiek aurretik eraman ez ditzaten". Bertara bildutako zenbait herritarrek kontatutakoaren arabera, zebrabideetan kotxeek maiz harrapatu izan dituzte oinezkoak. Arriskutsua da bidea zizurkildarrentzat.

Zizurkilgo Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek aho batez eskatu izan dute saihesbidea Gipuzkoako Foru Aldundian eta plataforman elkartzen diren herritarrak, berriz, duela urtebete inguru bildu ziren Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuarekin: "Aurrekontuaren parte handi bat orain gizarte zerbitzuetara bideratzen dutela esan ziguten eta lehen baino gutxiago gastatzen dela azpiegituretan. Datozen urteetan Zizurkilen saihesbide bat egitea kontenplatu ere ez dutela egiten esan ziguten. Zerrendan ere ez dute sartu. Oiarbidek aipatu zigun, beste lehentasun batzuk dituztela. Mutriku eta Deba arteko errepidea, Zumarraga eta Azkoitia artekoa edota Irurakoa aipatu zizkigun. Harridura handia eragiten digu egoerak".

Zizurkildik Asteasuko industriagunera joango litzatekeen saihesbidearen proiektu bat baino gehiago idatzi, baina denak atzera bota dituzte. "Joan deneko 30 urteetan eskaera berdina egiten ari gara baina ez zaigu soluziorik ematen", esan du Alustizak.

Biala Orain plataformak protesta ekintzekin jarraitzeko asmoa du. Atzo, lehen aldiz, biribilguneko hiru irteerak itxi zituzten eta aurrera begira ekintza gehiago egingo dituztela iragarri dute. "Adi egon dadila jendea". Bien bitartean, saihesbidea eskatzen duen banderola berdea etxeko balkoian jartzeko deia luzatu diete zizurkildarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!