Txiki txikitatik liburu zaletzen

Jon Miranda Labaien 2020ko urt. 21a, 11:59

Plazida Otaño liburutegian, Sehaska kontuak saioa eskainiko dute bi egunetan, Kontalari2 taldeko Lurdes Gorostegik eta Idoia Barandiaranek, 0 eta 2 urte arteko umeak dituzten familientzat.

Ama dira. Kontalari bi. Bat eta Bi. Lurdes Gorostegi eta Idoia Barandiaran. Sehaska Kontuak tailerra eskainiko dute gaur eta datorren asteartean, Aiztondoko liburutegiko balio anitzeko gelan, 17:30ean hasita. 10 familiek eman dute izena eta gaur olerkiak, jolasak eta kantuak aztertuko dituzte eta gaur zortzi, berriz, ipuinak. Giro «goxoa eta gertukoa» sortzea da bi kontalarien asmoa eta haientzat zaletasuna eta pasioa dena herriko gainerako familiekin konpartitzea.

Bi urte bitarteko umeentzako literaturari ez zaio behar bezainbesteko garrantzirik ematen Gorostegi eta Barandiaranen iritziz. Gizartea aldatu egin da eta urtetan ahoz aho transmititu diren ipuin, jolas eta kantu asko galduz joan dira. «Jende askok lan handia egin du altxor hori biltzen eta guk jasota dagoena berriro aurkeztu eta guraso izan berri direnei pasa nahi diegu», dio Barandiaranek. Katea ez dadin eten.

Haur hezkuntzako ikasketak egin zituzten bi zizurkildarrek eta berehala sortu zitzaien haurrentzako literaturarekiko interesa. Ama izan dira biak eta Kontalari2 taldean aritzen dira, orain arte bildu duten ezagutza partekatuz, liburutegi, haur eskola eta ikastetxeetan. Haurrentzat literaturak genero asko biltzen ditu bere barruan: esku jolasak, lotarako abestiak, aho korapiloak, poesiak, ipuinak... Gaur egun bilduma asko dago eta Gorostegik eta Barandiaranek Bularretik Mintzora proiektutik asko edan dutela aitortu dute. «Material ona egon badago eta aukeraketan asmatzea da kontua. Akaso hautatutakoa ez da umeentzat egokiena izango, baina intonazioa aldatu, erritmoa eman eta ipuina zure erara moldatuz gero, baliagarri bihur dezakezu. Azken batean, ahozko tradizioak iraun badu aldatzen joan delako da», nabarmendu du Gorostegik.

Testuinguru egokia aukeratzean jarri dute arreta bi adituek. Umearekin dagoen zaintzaileak jarrera egokia behar du momentu «intimo eta goxoa» lortzeko. Gorostegik Pello Añorga kontalariak egindako gogoeta ekarri nahi izan du harira: «Habia bat sortzearekin alderatzen du berak. Dio espazio hori sinesgarria egiten baduzu, haur hori beti itzuliko dela habia horretara, baita helduaroan ere. Zulo beltzak edo kanpoko estimuluak ahalik eta gehien desagerrarazi behar ditu umearekin dagoenak. Lasaitasunez hartu, mugikorrak eta horrelako kontuak alboratu eta umearekin egoteko denbora hartu behar du».

Egunero hainbat momentu egon daitezke horretarako Barandiaranek esan duenez: «Zergatik ez baliatu umeari pardela aldatzeko unea? Haurrarekin egoten garen garaia da, parez pare, elkarri begira, une goxoa da, kontaktu fisikoa dago eta momentu horretarako aproposa izan liteke kilimarekin lotutako jolasen bat». Bat etorri da Gorostegi: «Zuk gozatzen baduzu haurrak gozatuko du eta sinistuko du kontatzen diozuna. Irakurri dezakezu, zure hitzekin esan edo asmatu, baina garrantzitsuena momentua bizitzea da, eta une hori berezi bezala sentitzea».

Lortzen dute biek umeekin konektatzea. «Askotan begiratzen digute begiak zabal-zabalik dituztela, edo ikusten dugu nola eramaten duten eskua ahora eta nola atzeratzen diren kontu beldurgarri bat entzuten dutenean, ume txiki txikiak izan arren». Kontalari2 taldeko kideek umorez aipatzen dute: «Ez dugu beti lortuko umeak gure istorioetan sartzea, baina gu behintzat erabat murgiltzen gara, guretzako ez da zulo beltzik existitzen. Dena ematen dugu eta hustu beharrean emanaldiro bete beteta bukatzen dugu».

Erritmoa, errima, doinua eta mugimendu pixka bat. Umeekin asmatzeko osagai oinarrizkoak dira. Gaurko saioan eta hurrengo astekoan gurasoei horrelako azalpenak emango dizkiete baina Gorostegik eta Barandiaranek, batez ere, ikuspegia zabaldu nahi diete: «Ipuinetan batez ere, aukera handia dago eta sekulako altxorrak daude. Aukeratzeko irizpideak emango ditugu. Pista batzuk eman, ipuinak izan beharko lituzkeen ezaugarriak aipatuko ditugu, gurasoek beraiek esplora dezaten eta beren bide propioa urra dezaten».

Umeek ere parte hartuko dute Sehaska Kontuak saioan. «Diren bezala egotea nahi dugu: mugimenduan, jolasten, builaka, hitz egiten... gure emanaldietan horiek guztiak integratzen saiatzen gara». Horretarako haurrentzako egokituko dute Plazida Otaño liburutegiko balio anitzeko gela eta beraiei egokitutako jolasak egongo dira tartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!