Sormenak badu saria

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 23a, 10:26

Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian banatu dituzte Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketako eta Booktrailer lehiaketako sariak.

2019a urte oparoa izan da. Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketan 379 ipuin jaso dira eta idazteko zaletasuna pil-pilean dago bailaran. A mailan 90 lan, B mailan 208, C mailan 50, D mailan 28 eta E mailan 3.

Eguberri aurretik Liburuaren Astea antolatzen dute Zizurkilen eta, aurtengoan abenduaren 10a (Giza Eskubideen nazioarteko eguna) eta abenduaren 17a (migranteen nazioarteko eguna) kontutan izanik hainbat ekintza antolatu dituzte. Kasualitateak kasualitate, lehiaketa honetan banatu den E mailako saridunak gai hau jorratu du. 

Hauek dira saridunak Teodoro Hernandorena lehiaketan, kategoriaz kategori:

A maila (6-8 urte)
Lehen saria: Haizea Zuntzunegi Diatta (8 urte), Neska zakilduna lana
Biziki narrazio fresko eta polita, ongi kontatua eta ongi egituratua hiru paragrafotan. Gaia bi sexuen berdintasuna da eta horixe da lana egiteko erabili duen korapilo mentala,  idazlaneko azken perpausan ongi islatzen eta laburbiltzen dueña. Rol sozialen aurkako jarrera erakutsi du.  

Bigarren saria: Xubane Iruretagoiena (8 urte), Leire eta katua lana
Narrazio bitxia, polita eta ongi bideratua. Bizipenetatik abiatua eta harremanak lantzen dituena.

Aipamen berezia: Anari Eizmendi Jimenez (8 urte), Gozoki denda berria lana
Narrazio polita eta ongi gidatua, tarteka, errealitatetik abiatuta jarrera moralistak erakusten dituena.

B maila (9-11 urte)
Lehen saria: Nerea Morales Herrero (11 urte), Amelia eta bere fantasia lana
Ipuin nobelatua, suspentsea bukaera arte mantentzen dueña, eta denboraren aldetik hainbat alditan banatutako narrazioa. Irakurlea istorioaren korapiloan harrapatzen du. Euskararen aldetik biziki aberatsa.

Bigarren saria: Irene Ormaetxea Lasa (10 urte), Pertsona ezezagunaren  3 notatxo lana 
Narrazio ederra eta ongi egitaraua, gaiaren aldetik originala eta Euskararen aldetik aberatsa.

Aipamen berezia: Kaiet Ormazabal Leizaola (10 urte), Pantailaren atzeko mundua lana
Ipuin polita bere baitan gogoeta erakusten dueña. Istorioa ildoaren inguruan ongi gidatua.

C maila (12-13 urte)
Lehen saria: Auritz Alkorta (13 urte), Zapata parearen istorioa lana 
Jaso ditugun ipuin guztien artean ausartena eta irudimen gehien duena. Idazkera garbia eta maila onekoa du, eta narrazioa sendoa da. Meritu itzela du bi zapata zahar hartu eta horrelako pertsonaiak ondo eraiki ahal izateak. Epaileek ez dute inongo zalantzarik izan ipuin hau irabazle izendatzean. Irakurketa atsegina eta ederra izan da.

Bigarren saria: Elorri Oyarbide Guereñu (13 urte), Begiak itxi… lana
Gernikako gertakari mingarriaren kronika latz eta sentimenduz betea. Ume baten ikuspuntutik narratzeak sentiberatasun handia eman dio ipuinari, bere onerako. Asko harritu gaitu idazleak unerik garratzenak deskribatzeko aukeratu duen moduak baina, aldi berean, eskertzen da horrelako pasarte gogorra batere zurikeriarik gabe idatzi izana. Injustizia handi baten aurkako oihu ausarta, primeran eta garbi idatzia.

D maila (14-16 urte)
Lehen saria: Unai Pernas Larrañaga (15 urte), Autobus geltokia lana
Pertsonaiaren azalean jartzen gaitu ondo zaindutako xehetasunekin, haren egunerokoan barneratuz. Zahartzaroa, itxaropena… bezalako gaiak lantzen ditu gogoa lausoturik duen Antonioren begietatik enpatia handiz, bizitzaren aurreko jarreraren metáfora eder bat eraikiz.

Bigarren saria: Asier Arabaolaza Usarralde (16 urte), Hil eta jaio lana
Originaltasuna dago ipuinaren planteamenduan: bigarren pertsonan hitz egiten dio narratzaileak protagonistari, ustekabean harrapatuko gaituelarik kontakizunak aurrera egin ahala noren ahotsa den mintzatze zaiguna. Existentzia, bizitzaren zentzua bezalako gai abstraktu eta korapilatsuak lantzen ditu modu oso sinplean, elkarrizketekin erritmo bizia emanez hausnarketa hauei.

E maila (17 urtetik gorakoak)
Lehen saria: Xabier Ariznabarreta Olarte (46 urte), GIB lana
Irudiz beteriko fabula bat da, non txori talde baten migrazioarekin bat egingo dugun, sarri gizatiarregia egingo zaiguna. Abentura kontakizun formula du, eta oso erraza da bertan agertzen diren pertsonaiekin konektatzea, beraien karismagatik gehien bat. Protagonistak oso ondo eraikita daude. Antagonistek, berriz, ondo sendotzen dute istorioaren gatazka, protagonistei zailtasunak eta galbideak ekarriz. Haur eta helduek maila berdinean gozatzeko modukoa, oreka hori lortzea zaila den arren. Irakurleak gizaki asko identifikatuko ditu, tamalez, ipuin honetan.

Booktrailer lehiaketan, berriz, hauek jaso dute saria:

DBH1-2 KATEGORIAN
Liburua: Ezekiel; Egileak: Ibai Caballero, Unax Belamendia, Oihane Jauregi eta Libe Navaroa.

DBH3-4 KATEGORIAN
Liburua: Tximeletaren oihua; Egileak: Gorka Naiet, Iñaki eta Udane.

NORBANAKOA
Liburua: Ihes betea; Egilea: Miren Zumeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!