Kirol astea abiatuko dute Zizurkilen, ostegunean

Jon Miranda Labaien 2019ko abe. 11a, 11:59

Hemendik aurrera, Ibontxo Gonzalez memoriala izena eramango du Gau Krosak, hil berria den korrikalariaren omenez; larunbatean egingo dute.

Irailaren 16an hil zen Ibontxo Gonzalez korrikalari zizurkildarra. Iban Lizarraga kirol zinegotziak aipatu duenez, «korri egitea maite zuen eta aitortza gisa probak bere izena hartuko du aurrerantzean». Korri egitea maite zuen Gonzalezek eta askotan hartu zuen parte Gau Krosean.

XXXIII. aldia izango da aurten krosa antolatzen dutena eta 2006. urtetik aurrera jaiotakoak 22:00etan hasiko dira lasterka. «Kilometro bateko distantzia korritu beharko dute, 850 metro kontrolatuta eta 150 metro libre», esan du Lizarragak. Helduek berriz, 22:30ean izango dute irteera ordua. 2004 eta 2006 urteen artean jaiotakoek 2,5 kilometro egin beharko dituzte eta 2002a baino lehen jaiotakoek 7 kilometro.

Herriko eragileekin elkarlanean antolatu dute kirol astea Iker Urruzola alkateak nabarmendu duenez. «Kirol modalitate ezberdinek izango dute tokia eta kirolzale guztiei aukera eman nahi diegu». Aurten, gainera, toki ezberdinetara zabalduko dute astea. Hala, ostiralean, Izabako Ukerdi Mendi Film Festibaleko filmak botako dituzte herriguneko elizan. Bi saio izango dira eta atsedenean txokolatea eta pastak banatuko dituzte Zimiterioan.

Berrikuntzak ere azpimarratu ditu alkateak. Igandean, Ecuavoley familientzat ekimena izango da Otañoko frontoian, Tungurahua elkartearen eskutik. Ekuadorren egiten duten kirola ezagutzeko aukera izango dute 10 urtetik gorako gaztetxoek eta bukaeran merienda banatuko diete. 

KIROL ASTEA 2019

Abenduak 12, osteguna

19:00.Mens sana in corpore sano mahai ingurua. Iñaki Artola (pilotaria), Lurdes Gorostegi (pultsularia), Iñaki Perurena (harri jasotzailea), Nadeth Agirre (arraunlaria), Aritz Bagues (txirrindularia) eta Iraia Iparragirre (futbolaria). Jon Ander de la Hoz kirol kazetariak moderatuko du saioa.

Abenduak 13, ostirala

19:00.Herrigunean Isabako Ukerdi Mendi Film Festibaleko pelikulak ikusgai elizan. Lehen saioa.

20:00.Atsedena. Zimiterioan txokolatea eta pastak.

20:30.Bigarren saioa.

18:30 - 20:00.Umeentzat Zizurkilgo rokodromoa irekiko da eta frontoia erabilgarri egongo da.

Abenduak 14, larunbata

11:00.Haurrentzat kirol eta jokoak. Intxaur frontoian eta ondoren, hamaiketakoa eta opari banaketa.

16:00 - 19:00.Halterofiliako taldekako Gipuzkoako txapelketa. Intxaur frontoian.

22:00.Haurren gau krosa.

22:30.Zizurkil XXIII. Gau Krosa. Ibontxo Gonzalez memoriala.

Abenduak 15, igandea

10:30.Ziotza pilota eskolak antolatutako umeen Pilota Txapelketa Intxaur frontoian. Bukaeran, Emakumeak Paletaz taldeko emakume pilotariek partida jokatuko dute.

16:00.Ecuavoley familientzat. Otaño frontoian, Tungurahua elkartearen eskutik. 10 urtetik gorako ume, nerabe, gazte eta helduentzat. Bukaeran merienda banatuko da parte hartzaile guztientzat.

16:45.Danena-Villabona futbol partida, Danena kirol elkartearen futbol zelaian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!