Baditu saridunak VI. Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketak

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 6a, 16:32

Aurten ere Teodoro Hernandorena Kultur Taldeak eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak elkarlanean antolatu dute bertsopaper lehiaketa; seigarren edizioa izan da aurtengoa.

Ahalik eta bertso hoberenak pentsatu eta paper batean idaztean datza Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa. Azaroaren 17ra arteko epea izan dute parte hartzaileek beren lanak aurkezteko eta ondotik etorri da epaimahaikideen lana. Harituzeko hainbat kidek izan dute horren ardura. Behin epaia prestatuta, atzo iluntzean egin zuten sari banaketa, Zizurkilgo Iriarte etxean. Sari banaketaren ostean, bertso-afaria egin zuten Anjel Mari Peñagarikano eta Mikel Mendizabal bertsolariekin. 

Helduen maila:

1. Hutsik (Epaileen adostasun falta medio, sari hau hutsik utzi eta bi bigarren sari ematea erabaki du epaimahaiak)

2. Zatzaizkidana baldinbanatzaizu (Mikel Artola)

2. Kausalitateak (Lierni Rekondo)

Gazteen maila:

1. Aulki bat hutsik (Aner Peritz)

2. Zain (Maddi Aiestaran)

2. Itsu (Maddi Aiestaran)

Gaztetxoen maila:

1. Kanpoko bizitza hori (Nerea Isusi)

2. Euskaldunon hizkuntza (Izar Zelarain)

2. Ezintasuna (Beñat Mateos)

Epaimahaikoek aurtengo edizioan jasotako lanen "kalitatea" azpimarratu dute, "bereziki, gaztetxo eta gazteen mailan". Neurri, gai eta estilo oso ezberdinetako lanak jaso dituztela diote eta ez dela lan erraza izan aitortu dute maila bakoitzean bi bereizi eta epaileen arteko adostasuna lortzea. Hori dela eta, sarietan hainbat aldaketa egin dituzte. Helduen mailan, esaterako, epaileen adostasun faltagatik ez dute lehen saririk eman; horren lekuan bi bigarren sari banatu dituzte. Gazte eta gaztetxoen mailetan, berriz, lehen sariaz gain, bi bigarren sari banatu dituzte.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!