Euskaraz aritzeko (g)uneak

Jon Miranda Labaien 2019ko abe. 4a, 11:59

Zizurkilen euskara ikasten ari diren herritarrek mintza praktika egiteko aukera dute mintzalagun egitasmoari esker; astean behin, ordubetez, ez dute aitzakiarik behar euskaraz barra-barra aritzeko.

Oso eskertuta daude Lurdes Urkizu, Mari Hernandez eta Arantxa Hernandez. Euskara ikasten ari dira, eta mintzalaguna egitasmoari esker, astean behin, ordubetez, euskara praktikatzeko aukera dute. Zizurkilen, guztira, 11 lagun dira proiektuan parte hartzen ari direnak, 4 taldetan banatuta. Gehiago ere badaude izena emanda, baina gidari lana egingo duten euskaldunak falta dituzte. Horregatik Zizurkilgo Udalak euskaldun zaharrak animatu nahi ditu solaskide izatera. Udal bulegoetan, bulegoa@zizurkil.eus helbidean edota 943 69 10 12 telefonoan eman daiteke izena.

Urteak daramatza Maider Barandiaranek mintzalagun taldeetan parte hartzen. Aitortzen du, euskaltzale izanik, beretzat ekintza «kontziente eta militantea» dela, baina ez diola nekerik suposatzen, are gehiago, «gogobetegarria» egiten zaiola, astean behin, euskaraz aritzeko Hernandez ahizpekin eta Urkizurekin elkartzea. Haiek egiten dituzten aurrerapenekin ia eurak baino gehiago pozten da Barandiaran. Botilero lana ere badelako berea: zuzen esandakoak txalotu, akatsak ahal dela zuzendu, baina batez ere, animatu egiten ditu taldekideak, euskalduntzeko daramaten prozesuarekin jarrai dezaten.

«Hasieran isil isilik egoten nintzen. Mintza praktika saioetan lortu dudan konfiantzari esker aurrerapauso handia eman dut», esan du Arantxa Hernandezek. Taldekideek ere aitortu diote eman duen saltoa eta hutsetik abiatuta lortu duen euskara mailagatik zoriondu dute.

Uliazpi fundazioan egiten dute lan Hernandez ahizpek eta lanposturako hizkuntza eskakizuna betetzeko hasi ziren euskara ikasten. Barandiaranen hitzetan ahalegin handia egiten ari dira, «eta hori soilik posible da hizkuntza gustuko baduzu». Ez du uste behin helduarora iritsita hizkuntza bat ikasteko egin behar den esfortzua aitortzen denik.

Urkizuren prozesua bestelakoa izan da. Elbarrenako Teodosioenean jaiotakoa da eta txikitan ikastolan ikasitakoa. Euskal Herritik kanpora bizi izan da urte askoan eta 15 urte dira herrira itzuli zela. «Lan egonkorrik ez nuen eta oposizioak prestatzen hasi nintzen. Konturatuta nengoen nire euskara zaharkituta geratu zela eta atzenduta neukana berreskuratu ahal izan dut euskaltegian, eta baita mintzalagun taldeari esker». Barandiaranek Urkizuren inguruan dio, «bihotzetik» ikasten duela, berea erabat «emozionala» dela: «Edozein esaldi osatzeari enkantua bilatzen dio eta euskara entzuterakoan asko disfrutatzen du».

HIZKUNTZA OHITURAK ALDATU

Harremanak zein hizkuntzatan eraikitzen diren, hizkuntza horretan jarraitzeko arrisku handia izaten da, ohiturak aldatzea ez baita gauza erraza izaten. Hernandez ahizpek elkarrekin ez dute euskaraz hitz egiten, adibidez. Arantxak alabarekin ez, eta semearekin bai. Txikitandik ezagutzen duen lagunarekin euskaraz aritzea kosta egiten zaio Urkizuri eta errazago aritzen da duela gutxi euskara ikasten hasi den Hernaniko lagunarekin. Marik, berriz, izugarri eskertzen die bere lankide euskaldunei harengana euskaraz zuzentzea.

«Natural» aritzea da Barandiaranentzako giltza. Asteartero Pasus tabernan egiten dute hitzordua eta kafe bat hartuz aritzen dira hitz eta pitz: «Ez dugu aldez aurretik ezer planeatzen, ateratzen zaigun bezala aritzen gara, eta isilunea sortzen bada ere ez gara deseroso sentitzen». Mantso jardutea eskertzen diote Barandiarani eta honek aitortzen du, «hobeto ahoskatuz» aritzen dela taldeko kideekin. «Baina badakit noiz ez didaten ulertzen eta orduan beste era batera esaten saiatzen naiz. Estimatzen dute, gainera, ingurukoek euskalkia erabiltzea».

Adin bertsuko seme-alabak dituzte mintzalagun taldeko kideek eta horrek askotan ematen die hizpide. Baita TOLOSALDEKO ATARIAn irakurritakoak ere. Izan ere, Zizurkilgo Udalak urtebeteko harpidetza eskaini die doan egitasmoan parte hartzen ari direnei, eta horri eskerrak, aurten, 6 lagunek jasoko dute egunkaria etxean. Udalaren esanetan, «euskara erabiltzeko egin duten hautuari bultzada ematen dio gertuko albisteak euskaraz irakurtzeko aukera izateak». Hernandez ahizpek etxean jasotzen dute egunero alea eta «gustura» irakurtzen dutela diote, «ulerterraza» egiten zaiela.

Zizurkilgo Udalak euskara ikasten ari direnekiko konpromisoa berresten du era honetara. Bestela ere, euskaltegiko matrikularen %75a arte ordaintzen die ikastaro bukaeran euskara ikasleei eta mintzalaguna programan parte hartuz gero, %10 gehiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!