Astebeteko egonaldia egingo dute Hondarribin, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesua aztertzeko

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 2a, 09:40

Erasmus+ programaren bitartez Zizurkilgo zortzi gazte, Elgoibar, Donibane Garazi eta Irlandako beste 24 gazterekin batera izango dira, euskararen eta gaelikoaren inguruko kezkak partekatuko dituzte.

Hondarribiko Juan Sebastian Elkano aterpetxean egingo dute egonaldia hizkuntza gutxituei buruzko egitasmoan parte hartzen ari diren gazteak. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Europa mailako Erasmus+ laguntzak babesten dute, eta Zizurkil eta Elgoibarko udalek, Donibane Garaziko lizeo publikoak eta Galwayko (Irlanda) Muintearas Teo elkarteak parte hartzen dute.

Erasmus+ egitasmoaren helburua da Europako hizkuntza aniztasunaz ohartarazteaz gain, Europako leku ezberdinetako gazteek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikusaraztea. Europan milaka herritar bizi dira egoera diglosikoan, eta Erasmus+ egitasmoan parte hartzen ari diren 14 eta 16 urte bitarteko 32 gazteek euskararen eta gaelikoaren eguneroko errealitatea ezagutzeko eta hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuaren inguruko lanketa egiteko aukera izango dute.

Horrez gain, hizkuntzekiko duten ikuspegi kritikoa lantzeko saiakera egiten ari dira, eta hizkuntza gutxituen arteko harremana eta erlazio horri buruzko hausnarketa bultzatzen, beti ere gazteak, euskara eta gaelikoa eta ahalduntzea erdigunean jarriz. Lanketa honekin, Europako leku ezberdinetako gazteek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikustarazten ari dira

Proiektuaren jatorria

Egitasmoak Zizurkil eta Elgoibarko Gaztelekuetan du sorrera, bertan antzeman baitzuten Europako gazte trukaketa proiektu baten beharra. Gipuzkoako bi herri horietako gazteek parte hartzen dute, Donibane Garaziko eta Irlandako Galway herriko gazteekin batera. Herri bakoitzeko zortzi gazte eta bi hezitzaile dabiltza proiektuan. Euskal Herriko gazteak gaelikoaren berri izaten ari dira, eta irlandarrak, aldiz, euskarak bizi duen errealitatera gerturatzen ari dira Gazteak eta Hizkuntza gutxituak gaiaren inguruko tailerren bidez. Herrialde desberdineko nerabeak elkarrekin ari direnez, jarduera guztiak euskaraz eta ingelesez egiten dira. 

Azken egonaldia

Hondarribiko egonaldiarekin amaituko da Erasmus+ egitasmoa. Aurrez, ordea, beste bi fase izan dira. Lehenengoan, gazte euskaldunak elkar ezagutzeko topaketa bat egin zen Donostian, irailaren 28an. Bigarrengoan, astebeteko egonaldia egin zuten Galwayn, urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean. Besteak beste, gaelikoa egoera onean dagoen Gaeltach eremua bisitatu zuten, TG4 telebistan egon ziren edota hainbat joko tradizional ezagutu zituzten. 

Hondarribiko egonaldia gaurtik abenduaren 8ra izango da eta gazteak astebetez egongo dira Euskal Herrian barrena. Egun horietan euskararen inguruko formazioa jasoko dute, hainbat bisita eta soziolinguistikaren inguruko hitzaldien bidez. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundia, 2deo, Real Sociedad edota Mintzola bisitatuko dituzte, eta hainbat adituren hitzaldiak entzungo dituzte. Eta iritsi berritan, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, erakundeetako ordezkariek harrera egingo diete Foru Aldundian. 

Egitasmoak jasotzen dituen egonaldiak bukatu ondoren, nerabeek lanketa berezia egingo dute gaztelekuetan eta ikastetxeetan, haien esperientzia zabaldu eta euren inguruan hizkuntza ohiturak aldatzeko saiakera eginez. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!