Maila berrian, «ilusioz»

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 28a, 11:59

Danena klubaren talde nagusia lehen denboraldia egiten ari da erregional preferente mailan.

Erregional preferente mailan hasi dira Danena futbol klubeko talde nagusikoak denboraldi honetan. Igoera lortzea berezia izan zen, Alex Chenlo entrenatzaileak azaldu duenez: «Presiorik gabe hasi genuen aurreko denboraldia, pixkana lana egiten. Maiatza iritsi zen eta igoera fasean sartu eta igotzea lortu genuen. Klubaren azken igoera, eta bakarra, orain 15 urte izan zen. Hau bigarrena da, beraz klubarentzat oso pozgarria izan da eta ilusio handiarekin hasi dugu denboraldia».

Egun, 11 jardunaldiren ondoren, seigarren postuan dago Danena, 15 punturekin. «Partidak ikusi dituen norbaitek esan dezake, igo berriak dira eta seigarren joatea ondo dagoela. Egia esanda, puntu asko joan zaizkigu azken minutuetan, eta pena hori dugu. Agian eskarmentu falta da, talde gaztea dugulako», zehaztu du Chenlok. «Baina guk helburua argi daukagu: maila mantentzea da eta esperientzia hartzea datorren denboraldiari begira. Eta momentuz bide onetik goaz». Sailkapenean segurtasun tartea badutela, baina puntuak lortzen jarraitu nahi dute, eta horretarako asteburuan Tolosaren aurka izango duten derbia baliatu nahi dute. «Helburuak epe motzera zehazten ditugu. Epe luzera zehazten baditugu agian arazoak sortu daitezkeelako. Hori da gure filosofia», esan du entrenatzaileak.

Erregional preferente mailan aurkitu duten ezberdintasuna batez ere intentsitate aldetik dela dio Chenlok: «Partida guztiek eskatzen dizute 95 minututan intentsitatea ehuneko ehunekoa izan behar dela. Intentsitatea edo kontzentrazioa jaitsi dugunean bi minututan, golak sartu dizkigute partida bukaeran eta puntuak joaten zaizkizu, eta gero horiek faltan bota ditzakezu denboraldiaren bukaeran».

Taldeko partaideei dagokionez, zenbait baja izan badira ere, aurreko urteko oinarria mantentzen dutela dio entrenatzaileak: «Denek elkar ezagutzen dute, ondo konpontzen dira eta hori oso garrantzitsua da talde giroarentzat». Jokalari berriei dagokionez. Bi jubenil igo dira lehen taldera, eta beste batzuk inguruko herrietatik iritsi dira.

TALDEKIDEAK

Ander Gilleto.Atezaina.

Mikel Hilario.Atezaina.

Patrick Gomez.Atzelaria.

Axel Otaegi.Atzelaria.

Mikel Guerrero.Atzelaria.

Mikel Etxarri.Atzelaria.

Julen Sanchez.Atzelaria.

Beñat Etxezarreta.Atzelaria.

Joseba Otegi.Atzelaria.

Urtzi Iturriotz.Erdilaria.

Iker Oronoz.Erdilaria.

Iker Mateos.Erdilaria.

Joseba Astiasaran.Erdilaria.

Hipolito Aguado.Erdilaria.

Ander Usandizaga.Erdilaria.

Julen Jauregi.Erdilaria.

Andoni Robles.Erdilaria.

Imanol Bengoetxea.Erdilaria.

Jon Astigarraga.Erdilaria.

Eñaut Galarraga.Erdilaria.

Joseba Almorza.Aurrelaria.

Erik Sanchez. Aurrelaria.

Jokin Martin.Aurrelaria.

Alex Chenlo.Entrenatzailea.

Mikel Argote.Bigarren entrenatzailea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!