Argazki galeria

Xanti Esnaolaren pintura lanak ikusgai, Zizurkilen

Jon Miranda Labaien 2019ko aza. 13a, 11:57

Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gelan ikusgai izango dira billabonatarraren koadroak, azaroaren 29ra bitartean.

2017tik 2019ra bitartean egindako 24 koadro bildu ditu Xanti Esnaola Urkizuk Zizurkilen jarri duen erakusketan. Paisaiak dira gehienak eta bada bat propio okasio honetarako prestatu duena: Zizurkilgo herrigunea erakusten duen koadroa da.

Betidanik margotu izan du Esnaolak, baina erretiroa hartzeko ordua iritsi zitzaionean berriz heldu zion afizioari. Catalina Erauso arte elkartean aritu izan da eta etxean pintatzen du bestela. «Akrilikoarekin hasi nintzen eta orain akuarela erabiltzen dut koadroak pintatzeko».

Oinarrian beti izaten du argazkiren bat: «Gustuko dudan argazkiren bat topatzen badut hura hartzen dut pintatzeko oinarri. Ahalik eta antzekoen egiten saiatzen naiz, baina badago koadroren bat, konposizio aldatuta daukana, elementuak lekuz mugitu ditut horretarako». Liburuetatik hartutako argazkiak, Interneten bilatutakoak edota atzerrian oporretan dauden lagunek bidalitakoak erabili izan ditu pintatzeko. Gehienak gertuko paisaiak dira, ordea; Alegia, Zerain, Tolosako San Blas auzoa edota Txindoki ageri diren koadroak ikusi daitezke erakusketan.

Koadroak sinatzeko bere bigarren abizenaren laburdura erabiltzen du eta ondoan jartzen dio margolana egin dueneko urtea. Duela urtebete inguru Alegian erakusgai jarri zituen bere lanak eta Plazida Otaño liburutegikoa du bigarren erakusketa. Azaroaren 29ra bitartean izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, berriz, 09:30etik 13:30era.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!