Pedro Mari Otaño ikastetxea Ikas-Komunitateen VIII. Nazioarteko Topaketan izango da

Ataria 2019ko azaroaren 11

Gorka Iraola eta Amaiur Tejeria, Pedro Mari Otaño Herri Eskolako ikasleek hartuko dute parte topaketan. Beraien esperientzia oinarri hartuta, Gizarte Zientziak eta Natur Zientziak tertulia dialogiko bidez lantzeak dakartzan onuraz arituko dira.

Asteburu honetan, azaroaren 15ean eta 16an, Ikas-Komunitateen VIII. Nazioarteko Topaketa burutuko da Iruñan. Ikas-Komunitatea hainbat eskolek osatutako sarea da. Ikas-Komunitate guztiek ondorengo bi helburu nagusi dituzte: ikasle guztiek ahalik eta gehien ikastea eta ikasleek ahalik eta bizikidetza osasuntsuena izatea. Bi helburu nagusi horiek lortzeko, Ikas-Komunitatetik datozen aholku eta jarduerek komunitate zientifikoaren bermea dute. Hau da, emaitzarik onenak lortzen direla frogatuta dago.
 
Doako nazioarteko topaketa hau Ikas-Komunitateko kide diren ikastetxeentzako, familientzako edo gaian interesa duen edonorentzako antolatu da topaketa eta adituen hitzaldiz eta tailerrez osatuta egongo da.
 
Azaroaren 15ean, ostirala, Iruñeko San Francisco eskola publikoan, 19:30etik 21:00etara hezkuntza oinarri duten hainbat solasaldi izango dira. Azaroaren 16an, larunbata, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Sario eraikinean egitaraua zabala eta askotarikoa izango da. Arratsaldeko saioan jarduera arrakastatsutzat kontsideratzen diren zazpi tailer egongo dira. Tailer hauetan, Ikastetxeek beraien esperientzien berri emango dute.
 
Tailer hauetako batean hizlari izango dira Gorka Iraola eta Amaiur Tejeria, Pedro Mari Otaño Herri Eskolako ikasleak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!