Abenduaren 3an deitu dituzte deklaratzera Kaxilda gaztetxeko kideak

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 8a, 12:59

Desalojo bat pairatzeko arriskuaren aurrean, "klase elkartasuna eta babesa" ezinbestekoak zaizkiola agertu du Aiztondoko gazte asanbladak eta Tolosako epaitegiaren aurrean, abenduaren 3an 12:30ean egingo den agerraldira gerturatzea eskatu du.

Hutsik zegoen pabiloi zaharra, "izaera antikapitalista" oinarri duten interesetarako erreferentzia gunea izatea nahi du gazte asanbaldak eta horretan denon esku hartzea "ezinbestekoa" dela esan du. "Gazte langileok eta langile klaseak, oro har, hainbeste behar duen espazio aske hau denen artean defendatzeko ongietorriak izango dira mota guztietako elkartasun keinuak: gure ekintza zein proiektuetan parte hartzea, sare sozialetan gure jarduna partekatzea...".

Kaxilda, Zizurkilgo udal gobernua eta lokalaren jabearen artean osatutako hiruko negoziazio mahaiak "porrot" egin duela uste du Aiztondoko gazte asanbladak eta horren ostean, irailaren 24an epaitegira deitu zituzten Kaxildako bi kide. Bertan behera geratu zen bi kideen aurkako epaiketa, eta orain, berriro deitu dituzte epailearen aurrera joateko, abenduaren 3an. "Gauzak honela, egun gure gaztetxea legez kanpoko desalojo bat pairatzeko arriskuan aurkitzen da, eta epaiketaren sententzia gure aurkakoa izanez gero, desalojo arriskua larriagotu egingo da".

2019. urteko apirilean "birjabetu" zuten Kaxilda gaztetxea Zizurkilen, "bailarako langile klaseko kide ororentzat ateak zabalik dituena". Ordutik, tailer, hitzaldi, solasaldi eta ikus-entzunezko emanaldiak egin dira. Klase elkartasuna egikaritzeko proiektuak ere badituzte, arroparen kolektibizazioa, adibidez, "non bakoitzaren gaitasunen arabera arropa utzi eta beharren arabera har dezakegun".

Inguruaren despolitizazioarekin kezkatuta, gazteen arteko harremanak sendotzeko ilusioarekin ekin diote Kaxilda gaztetxearen proiektuari: "Krisiaren seme-alabok miseria garaiotan elkar maitatu eta amorrua antolatzeko hautua egin dugu. Izan ere, bizi eredu kapitalistak, esplotazio eta dominazio sistematikoaren bitartez estresa, antsietatera eta depresiora bideratzen du gure egunerokotasuna eta gu guztiz sinistuta gaude hori baino bizitza hobea merezi dugula; Hori borrokatzera etorri gara".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!