"Larramendiren eragina ez zen hitz berriak erabiltzera mugatu"

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 31a, 11:59

Manuel Larramendik eta bere obrakXVIII. mendeko bigarren partean idazle nafarrengan izandako eragina ikertzeko III. Manuel Larramendi ikerketa saria eskuratu du; urbete izango du egitasmoa burutzeko.

Londresen hiru hilabeteko egonaldi bat egiten ari da da Urtzi Reguero Ugarte (Zizurkil, 1988). Bertan garatuko du Larramendi Kultur Bazkunak emandako bekaren lehen partea.

Pozik ikerketa saria jaso ondoren?

Bai, noski, nola ez. Aukera ematen dit, urtebetean, lehendik buruan neukan proiektu bat gauzatzeko. Ikertzaile batek horrelako laguntzak gustura jasotzen ditu.

Manuel Larramendik eta bere obrak XVIII. mendeko idazle nafarrengan izandako eragina aztertuko duzu ikerlanean. Ez zara hutsetik abiatzen, ordea.

Ez. 2017an aurkeztu nuen doktore tesia eta bertan Larramendi aurreko goi-nafarreraz idatzitako testu guztiak aztertu nituen eta nahiz eta tesian ez sartu, Larramendi ondorengo testu batzuei ere erreparatu nien. Konturatu nintzen hor bazegoela ezberdintasun bat; susmoa neukan aldaketa horretan Larramendik eragina izango zuela. Aztertu gabe zegoen gauza bat zen eta tesian ezin izan nuenez hori garatu, orain ikerlanarekin heldu ahal izango diot gaiari.

Zergatik sumatzen da etena, 1750. urteurrenaren bueltan?

Euskararen historia aztertzen denean kontuan hartzen dira garai ezberdinak. Euskaralari eta euskal filologoen artean onartzen da 1750. urtean eten bat dagoela euskararen bilakabidean, batez ere euskara idatziaren bilakabidean, batez ere Larramendik sortutako giroaren ondorioz. Kontua da euskalki batzuetan oraindik ez dela aztertu aldaketa hori zertan den. Goi-nafarreraren kasua da hori.

Larramendiren arrastoa sumatzen duzu eragin horretan?

Bai. XVIII. mendearen bigarren erditik aurrera erabiltzen den goi-nafarrera hori jantziagoa da, gaztelaniazko mailegu gutxiago daude eta testuetan sintaxi konplexuagoa agertzen da. Adibidez, orain Mikelestorena autorea aztertzen nabil eta sumatzen da, lehenagoko testuek zeuzkaten ezaugarri dialektal batzuk desagertzen direla, hizkera jantziagoa erakutsi nahian edo.

Mikelestorenarekin batera, zein beste autoreren lanak aztertuko dituzu?

Mikelestorena bera aztertuko dut batetik. Lesakako apaiz bat izan zen eta liburu erlijioso bat idatzi eta argitaratu zuen. Mikelestorenari buruz Mendibururekin harremana izan zuela esaten da baina eraginaz orain arte ez da ezer esan. Lizarraga Elkanokoaren testuak ere aztertu ditut. Azken honi dagokionez esaten da, lexikoan badauzkala Larramendiren neologismoak, baina hortik harago ez dago ezer gehiago esanda. Beste dotrina anonimo bat badut esku artean, tesiaren garaian aurkitu nuen eta aztertzeko daukat; anonimoa da, baina susmoa daukat ez ote dagoen Sagastibeltza izeneko idazle bat atzean. Leitzako euskara da dotrina horretan erabiltzen dena eta XVIII. mendearen bukaerakoa da. Aipatutako lauak, nik uste, korpus interesgarria osatzen dutela aztertzeko lehenengo garai horretan, Larramendiren eragina zenbatekoa izan zen Nafarroan.

Zertan sumatzen da Larramendiren eragina testu horietan?

Mikelestorenaren beste adibide bat jarriko dut. Larramendik bere hiztegian sartu zituen euskarazko hitzak, bakoitza zein euskalkitakoa den esan gabe. Adibidez, gaztelaniazko camaesateko gutxienez bi modu daude euskaraz: ohe eta ohatze. Nafarroan ohatze erabiltzen da gehiago, baina Mikelestorenak testuetan biak agertzen ditu. Edo taktika esaten zaiona erabiltzen du. Irakurtzenedo leitzen, esaten du adibidez. Bere euskalkiko forma erabili beharrean beti sartzen du sinonimo gisa beste forma bat. Asmo esateko, Nafarroako testu zaharrak begiratuz gero, proposituerabiltzen dela ikusten dugu. Mikelestorenak esaten du proposituedo asmo. Beharbada ordura arte gutxiago erabiltzen zen testu idatzietan eta hemen erabili egiten du. Dotrinetan oso ohikoa den dibinidadehitza Mikelestorenak ezabatu egiten du eta erabiltzen du euskaraz jatorragoa dirudien beste forma bat: jainkotasun. Atzizki gehiago erabiltzen dira, atzizkiekin sortutako hitz berri gehiago daude. Oraindik ondoriorik ez daukat, baina momentuz hori sumatu dut, beste euskalkietako hitz gehiago azaltzen direla edo maileguei eman nahi zaiela itxura euskaldunagoa. Umildade, umiltasunbihurtzen da, adibidez. Atzizkiak izugarri ugaritzen dira, Mikelestorenaren kasuan, behintzat.

1690ean Andoainen sortu zen, 1766an hil zen Loiolan. Garai horretako idazleen artean hainbestekoa al zen Larramendiren itzala?

Esango nuke baietz. Kontuan hartu behar da bereak direla euskaraz argitaratu ziren lehenengo gramatika eta lehenengo hiztegia. Nolabait Larramendik esan zuen, «euskaraz modu jasoan idatzi daiteke, idatzi nahi duzue? Bada hemen daukazue gramatika, hemen daukazue hiztegia, badaukazue oinarri bat euskaraz idazten hasteko, hasi zaitezte, beraz». Bere inguruan sortu zen nolabaiteko idazle jantzi talde bat, modu batera edo bestera aplikatu zuena Larramendik esandakoa. Ez zuzenean berak esandakoa jarraituz, baina bai modu kontziente batean beste proposamen batzuk egiten. Hor ditugu Kardaberaz hernaniarra, Mendiburu oiartzuarra, Ubillos amasarra, Agirre asteasuarra...

Berandura arte pentsatu izan da eragina mugatu izan dela berak asmatutako hitzak erabiltzera. Baina, ikusi dena da eta nik orain nafarrerarekin demostratu nahi dudana da, ez dela bakarrik hitz berriak erabiltzea, baizik eta hizkuntzaren kontzientzia handiagoa izatea eta hizkuntza jasoa erabiltzeko saiakera handiagoa egitea. Hor sartzen da beste euskalkietako hitzak erabiltzea, egitura landuagoak erabiltzea, askotan gaztelaniaren pisua duen itzulpena bada, kontzientzia izan eta euskaraz naturalagoa den hitz hurrenkera aurkeztea... eragina ez da bakarrik mugatzen neologismoetara. Hor atzean dagoen hizkuntza jasotzeko saiakera da erakutsi nahi dudana.

Argitaratuko al da gero zuk egindako ikerlana?

Aipatu didatenez, lana entregatu ondoren ikusi beharko dute, batetik kalitate nahikoa ote daukan saria irabazi eta azkeneko ordainketa egiteko. Eta begiratu beharko dute lana argitaratzeak merezi duen edo ez. Azken batean, bazkunaren esku geratuko da erabakia.

Nola baloratzen duzu unibertsitatetik kanpo ikerketarako beste erakundeek egiten duten ahalegina?

Uste dut beharrezkoa dela. Egokiena litzateke administrazio publikoek aukera ematea ikertu nahi duten guztiei. Horregatik horrelako ekimenek laguntzen dute administrazio publikoaren babesik ez duten ikerlariek ere ikertu dezaten. Bazkunak egiten duen ekimena oso beharrezkoa iruditzen zait. Batetik maila zientifikoko ikerketak egiteko, baina bestetik modu dibulgatzaile batean zientzia hori jendearen eskuetara iristeko, ez dadin geratu akademian, unibertsitatearen esku. Ireki behar du zientziak atea eta Larramendi Bazkunaren saiakera honek laguntzen du ate hori zabaltzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!