Jon Irazu, txapelduna eta lehen mailako aizkolaria

Ataria 2019ko urr. 21a, 11:59

Bigarren Mailako Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren finala jokatu zen larunbatean Altsasun. Txapelaz gain, lehen bi sailkatuentzat lehen mailarako txartela zegoen. Eskualdeko ordezkari bakarrak lortu zituen bi sariak. 

Jon Irazu izan zen azkarrena Altsasun, Juanjo Lopez Azpilikuetaren aurretik. Kanporaketan alderantziz izan zen. Orduan Lopez Azpilikueta izan zen azkarrena. Finalean, ordea, lanak bikoiztu egin ziren eta zizurkildarrak hasieratik hartu zuen aurrea. Lehen enborra minutu bat eta 27 segundoan bota zuen. Azpilikuetari 8 segundo atera zizkion. Bigarren enborrean, tartea zabaltzea lortu zuen Irazuk, 22 segundora. Komeriak, ordea, hirugarren enborrean izan zituen eskualdeko aizkolariak, 72 ontzakoan. Juanjo Lopez Azpilikuetak aurretik jartzea lortu zuen, lau segundoko aldeaz. Bigarren 72 ontzakoa parean bukatu zuten, baina zizurkildarra oraindik bigarren postuan zegoen. Azken aurreko enborrak eman zion lehen postua Irazuri, lau segundoko aldeaz. Azken kanaerdikoan erabaki zen dena. Bi aizkolariek lehen mailarako txartela poltsikoan zuten, hirugarrena, Corchero, urrun zelako. Txapela irabazi nahi zuten, ordea. Dena eman zuten enbor horretan, eta Irazu izan zen ebakitzen lehena. Hiru segundora amaitu zituen lanak Juanjo Lopez Azpilikuetak, 20.57ko denborarekin. 

Sailkapena

1. Jon Irazu 20.54

2. Juanjo Lopez Azpilikueta 20.57

3. Eloy Corchero 23.26

4. Josean Etxeberria 23.44

5. Arkaitz Jauregi 23.51

6.  Aratz Mugertza 26.47

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!