Zizurkilgo Udalak Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia salatu du

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 18a, 12:13

EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin ebazpena onartu du udalak. PSE-EEko bi zinegotziek aurkako botoa eman dute.

Autodeterminazio eskubidearen defentsa egin du udalbatzak urriaren 17ko udalbatza berrezian. Herrialde Katalanetako Llado herriarekin senidetuta dago Zizurkil, 2013az geroztik. Eta hain zuzen, Lladoko herriari elkartasun mezua ere bada onartutakoa, ebazpena Lladoko Udalera bidaliko baita besteak beste.

EAJ eta EH Bilduk onartutako testuak oinarrian du Associció Catalana de Municipis eta Associció de Municipis per la Independénciakoek Kataluniako herri guztietan aurkeztutakoa. 8 puntutan sententziarekiko adostasun eza azaltzen da, presoak askatzeko eskatzen da eta erreferenduma ez dela delitu azpimarratzen da, besteak beste. Hirugarren puntuan autodeterminazio eskubidearen defentsa egiten du Zizurkilgo Udalak: “Autodeterminazio eskubidearekin konpromisoa berresten dugu, eskubide politiko funtsezkoa delako Nazio Batuen gutunak eta eskubide politiko eta zibilen nazioarteko itunak dioen bezala, Espainiako estatuak ere sinatu zuen ituna”.

Era berean Zizurkilgo Udalak bat egiten du sententziaren aurkako protestekin eta Euskal Herrian deitzen diren ekimenetan parte hartzeko deia egiten die zizurkildarrei. Lehen ekimena, gaur izan da, 12:00etan lantokietan egingo diren elkarretaratzearekin bat eginez, udal langileek Joxe Arregi plazan egin duten elkarretaratzean parte hartu dute udal ordezkariek ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!