"Nire helburu garbia lehen bi postuetan sartzea da"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 18a, 19:59

Euskal Herriko bigarren mailako txapelketako kanporaketan bigarren postua lortu eta gero, bihar, Altsasun, 18:00etan, finalean ariko da Lopez, Mugertza, Etxeberria, Corchero eta Jauregiren aurka.

Nola sentitu zinen kanporaketako saioan?

Kanporaketan fuerte hasi nintzen eta gorputzak erantzun egin zidan. Akats batzuk egin nituen, baina nik uste baino hobeto moldatu nintzen, eta finalera pasatzea lortu nuen.

Sartzea espero zenuen.

Bai, nik esperantza handia nuen finalera sartzeko. Berez, pixka bat entrenatuta nengoen eta ilusio handiz nengoen. Azken hiru postuak eta gero, beste bi-hiru oso denbora gutxiren barruan sartu ziren, eta edozein akats txikirekin horiek ere aukera izango zutela iruditzen zait.

Sailkatuen artean ezustekorik izan duzu?

Edozeinek sartzeko aukera zuela ikusten nuen. Bai kanpoan geratu direnak eta bai sartzea lortu dutenak oso segundo gutxiren tartea zuten, eta edozeinek zuen aukera.

Biharkoari begira zer moduz sentitzen zara?

Orain katarro pixka bat daukat, bestela gustura nago. Plazara ilusioarekin noa, bigarren egin nuen kanporaketan, eta ea berriz ere, aurreneko bi postuetan sartzen naizen lehen mailara igotzeko.

Horixe da zure helburu garbia.

Bai, bai. Nire helburu garbia lehen bi postuetan sartzea da. Ea horixe egitea lortzen dudan. Egun biribila atera behar du horretarako, eta gauza guztiak ondo egin behar dira, akatsik egin gabe. Esan dudan moduan, beste guztiak ere hor daude ondo prestatuta. Guztioi gustatzen zaigu txapela janztea, dudarik gabe.

Aurkari zuzenik ikusten duzu?

Aurkaririk zuzenena Lopez bera izango da, eta atzetik 20 segundora sailkatu zen Mugertza, eta horiek biak oso aurkari zuzenak ikusten ditut. Eta beste guztiak ere, ez dakit lehengoan egun ona edo txarra izan zuten, baina guztiak kontuan hartu behar dira. Edozein atera daiteke behetik gora, ezusteko bat emanez.

Zer lan egin beharko duzue bihar?

Bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko izango dira.

Kanporaketa baino luzeagoa joango da.

Bai, kanporaketan baino egur bat gehiago dugu, eta horietako bat gainera pixka bat handiagoa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!