Argazki galeria

Pottokez harago bada zer ikusi

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urriaren 13a

XXII. Azoka Berezia ospatzen ari dira, gaur, Zizurkilgo herrigunean. Goizean, nekazarien lana agerian jarri dute, baina arratsaldean ere Intxaur frontoiko 25 artisau postuak zabalik izango dira, 19:00ak bitarte, interesa duten horientzat.

Aurten, Hernandorena kaleko hamabost janari postuak goizez bakarrik egon dira zabalik. Haurrek ere izan dute bere txokoa, artisautzako tailer ezberdinekin, puzgarriekin eta pottokekin. Besteak beste, papera egiten ikasi ahal izan dute. Baina ez hori bakarrik. Aurten, berrikuntza modura, toki berezia izan dute pottokek, eta beraz, horien gainean paseoak emateko aukera izan dute txikienek zein gaztetxoek. Goizean, erakusketa bat jarri dute, panel informatibo eta esku orriekin, jendeak pottoken inguruan gehiago jakin zezan.

14:30ean, berriz, bazkari herrikoia egin dute Zimiterioan. Bazkal ostean, 18:30ean, Gipuzkoako Harri Txapelketa jokatuko da, eta jarraian, eta aurten lehen aldiz, txakolin dastaketa egingo da eguna bukatzeko. Gipuzkoako hamar upategietako txakolinak izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!