Pottoken gainean dator azoka

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 11a, 11:57

Zizurkilen prest dute egun osoko festa izango den XXII. Azoka Berezia. Zizurkilgo herrigunean egiten den azoka, herriko nekazarien lana agerian jartzeko helburuz egiten hasi zirela ekarri du gogora Iker Urruzola alkateak, eta eskerrak eman dizkie guztia antolatzen lan egiten duten boluntario guztiei.

Aurten, Hernandorena kalean jarri ohi dituzten janari postuak goizez bakarrik egongo dira 10:30etik 14:30era. Hamabost postu izango dira, eta horietatik, bost herritarrek jarriko dituzte. Hala ere, Intxaur frontoiaren barruan egongo dira beste zenbait janari postu, artisautza postuekin batera. Kasu honetan, 25 postu izango dira artisauenak, eta lau herritarrenak izango dira. Hauek 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:00etara bitartean egongo dira bisitarien zain.

Igandean, 10:30ean izango da azokaren irekiera, eta haurrek ere beraien txokoa izango dute, artisautzako tailer ezberdinekin, puzgarriekin eta pottokekin. Besteak beste, papera egiten ikasi ahal izango dute.

14:30ean, bazkari herrikoia egingo dute Zimiterioan, eta oraindik, txartelak erosteko aukera dago Iriarte eta Egarri tabernetan. Geratzen direnak, egunean bertan Iriarte jatetxean erosi ahal izango dira.

Bazkal ostean, 18:30ean, Gipuzkoako Harri Txapelketa jokatuko da, eta jarraian, eta aurten lehen aldiz, txakolin dastaketa egingo da eguna bukatzeko. Gipuzkoako hamar upategietako txakolinak izango dira.

Gipuzkoako Pottokazaleak

Toki berezia izango dute pottokek aurtengoan. Pottoken erakusketa egingo da goizean, eta horrez gain, pottoken gainean ibiltzeko aukera izango dute ume zein gaztetxoek, goiz eta arratsalde. Aitor Iraeta Pottokazelak elkarteko kidearentzat: «Pottokak ezagutarazteko erakusleiho bikaina iruditu zaigu, eta gizarteari pottokak berreskuratzeko zein lan egiten dugun erakusteko». Panel informatiboak eta esku orriak jarriko dituzte jendeak pottoken inguruan gehiago jakin dezan.

Urtero moduan, herrigunera igotzeko doako autobusak jarri dituzte, eta azokara joan nahi dutenei garraio publikoa erabiltzeko deia egin diete.

EGITARAUA

10:30-14:30/16:30-19:00. Baserriko produktuak eta artisauak.
Autobusa doan Bulandegi Bideko errotondan edo Zubiaurretxotik Zizurkil Goiko Plazara egun guztian zehar Ordutegia: 10:15-15:00 eta 16:30-21:00. 

10:30. Azokaren irekiera.
Egunean zehar haurrentzat tailerrak, puzgarriak eta pottokak.

14:30. Bazkari herrikoia Zimiterioan. Txartelak salgai Iriarte eta Egarri tabernetan. Prezioa: 15 euro.

18:30. Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa.

Ondoren. Txakolin dastaketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!