Martxan da VI. Pello Mari Otaño bertso paper lehiaketa

Ataria 2019ko urriaren 9a

Zizurkilgo bertsolari handiaren oroimenez Hernandorena kultur elkarteak bertso paper lehiaketa antolatzea erabaki du Harituz bertsozale taldearen lankidetzarekin.

Azaroaren 17a baino lehen bidali behar dira lanak posta elektronikoz info@hernandorena.eus helbidera edo posta arruntez helbide honetara: P.K. 22. Iriarte etxea. Pello Mari Otaño plaza 1. 20159. Zizurkil.

Lehen Hezkuntzako taldeentzat gelen arteko maila prestatu dute. Beste hiru maila ere bereizi ditu antolakuntzak: 15 urte arteko gaztetxoentzat maila; 18 urte arteko gazteentzat maila; eta helduen maila, 2000n edo aurretik jaiotakoentzat. Maila bakoitzeko bertso paper kopuru jakin bat bidali beharko da eta sariak ere, adin tartearen arabera aldatuko dira. Maila guztietan, hori bai, gaia, neurria eta doinua libreak izango dira, bakoitzaren aukerakoak. Lanak jatorrizkoak izatea eskatzen dute antolatzaileek, aurretik aurkeztu ez direnak. Oinarriak kontsultatzeko, www.hernandorena.eus helbidera jo beharko da, edo bestela, 656 743 741 telefono zenbakira.

Epaimahai lanak Harituz bertsozale elkarteak egingo ditu eta Hernandorena kultur elkartea jarriko da irabazleekin harremanetan, sarien berri emateko. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 5ean izango da Zizurkilgo Iriarte jatetxean. Sariak jasotzerakoan, irabazleek beraien bertsoak kantatzeko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!