Asteroko azokak hasi du ibilbidea

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 4a, 15:58
Zizurkilgo Joxe Arregi plazako estalpean egin zuten azoka atzo, lehen aldiz.

Zizurkilgo Joxe Arregi plazako estalpean, hemendik aurrera ostegunero izango da azoka, 09:00etatik 14:00etara.

Aurreko agintaldian udal gobernuak zuen ametsa zen asteroko azoka eta atzo azkenean gauzatu zen. Hemendik aurrera, osteguneroko hitzordua izango dute zizurkildarrek Joxe Arregi plazan. «Oso gustura gaude, ilusioz eta gogotsu. Lan asko egin da aurretik, isilpeko lana, geldoa akaso, baina lan ona izan da eta horren emaitza orain ikusiko da», esan du Iker Urruzola, Zizurkilgo alkateak.

Iaz amaitu zuten Joxe Arregi plazako estalpea eta bertan jarriko dituzte elikagai postuak. Urruzolaren esanetan, «Zizurkil bezalako herri batek bazuen horretarako beharra eta pentsatzen dugu azokak indartuko dituela Elbarrenako ingurune hori eta baita bertako merkataritza ere. Gaur egun dauden saltokiak mantendu eta berriak erakartzeko balio dezake».

Oraingoz lau postuk hasi dute ibilbidea baina udal arduradunek aurreikusten dute azoka handitzen joango dela. Deialdia ere luzatu du alkateak: «Inork parte hartu nahiko balu, lasai dei dezala udalera eta txoko bat egingo diogu. Etxean soberakinak dituen batentzat aukera bat izan daiteke azoka».

Larrondobuno baserriko baratzetik ekarritako barazkiak ere izan ziren salgai atzoko azokan. Azkeneko hiru urteetan, ostegunero herriguneko Pello Mari Otaño plazan jarri izan dute postua, baina hitzordu berrirako gonbita egin dietenez, aldatu egin dute eguna. Hemendik aurrera, Joxe Arregi plazan egongo dira ostegun goizetan, eta herriguneko plazan larunbat goizetan, 11:00etatik 13:00etara.

Fruta, bakailao, barazki eta bestelakoak izan ziren atzokoan. Saltzaileek ilusioz hartu dute hitzordu berria, jakitun baitira Zizurkilen tamainako herri txikietan salmenta onak izaten dituztela. Lehen egunean ikusmiran gerturatu zaie jendea, baina «konfiantza» handitu ahala, oraindik ere jende gehiago azaltzea espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!