Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Saihesbideak herri izaera bultzatuko luke"

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 4a, 08:58

Herrigintzatik datorrela azpimarratu du, eta orain udalean alkate gisa, herrigintza egiten jarraitu nahi duela adierazi du.

Kargua hartu, herriguneko festak eta Elbarrenakoak pasa ondoren, bere karguari neurria hartzen ari zaio Iker Urruzola Aizpurua (Zizurkil, 1976). Herritar guztiekin elkarlanean aritzeko prest dago.

Dagoeneko neurria hartuta alkate karguari?

Asentatzen. Baina, herriguneko jaiak eta Elbarrenako jaiak pasata, dagoeneko erritmoa hartuta.

Aurreko legealdiko bi kide badauzkazue udal gobernu taldean. Haien babesa berrientzako garrantzitsua da?

Bai oso garrantzitsua. Lasaitasun bat ematen digu, babesa ematen digutelako eta asko laguntzen digutelako. Egunerokotasuna, ordea, udal langileengatik ez balitz ez genuke aurrera aterako. Haiei esker funtzionatzen du honek, eta horregatik eskerrak eman behar dizkiegu. Esan beharra dago, hautetsiez gainera, guk badugula atzean talde sendo bat. Astean behin biltzen gara eta denen iritzi eta babesarekin funtzionatzen dugu.

Nola jardun duzue udalaren jarduna? Zein dedikazioz arituko zara zu, esate baterako?

Kontuan hartu behar da, EH Bilduk sei zinegotzi lortu dituela. Alkatea liberatuta egongo da lanaldi osoz. Maite Amenabar lehen alkateordea, lanaldi erdiz ariko da eta Joxe Mari Luengo bigarren alkateordea ere lanaldi erdiko dedikazioz jardungo du, momentuz behintzat, hirigintza gaiak eta aurretik zetozen proiektu batzuei amaiera emateko. Kolpetik gai guztiak guk hartu beharrean, trantsizio hori egiteko bidea egingo genuke horrela.

Zein harreman nahi zenuke oposizioarekin?

Kargu hartze egunean aipatu nuen eta berriro errepikatuko dut: elkarlanean aritzeko asmoa dugu. Oposizioaren lana norabide horretan badoa, ongi etorriak izango dira. Ez dugu derrigor mutur joka aritu behar denik, elkarrekin lanean jardun behar. Oposizioak etekin politikoak ateratzeko baino erabiltzen ez badu bere tokia, gurekin jai du. Herriaren alde egin nahi dugu guk, herrigintzatik gatoz eta horretan jarraitu nahi dugu. Horri oinarri hartuta, horretara gonbidatzen ditugu, herrigintzan aritzera. Momentuz, ez dugu tentsiorik izan eta horrela jarraitzea espero dut.

Parte hartzea indartzeko zein neurri hartuko dituzue legealdi honetan?

Udaletxea irekita dago herritarrentzat. Kezkak eta ardurak helarazteko hemengo ateak beti zabalik daude. Duela zortzi urte Bildu udal gobernuan sartu zenean, batzordeak osatzeko lan egin zen eta oso ondo funtzionatu zuen. Horrekin jarraitu nahi dugu. Aste honetan, ikasturtea hastearekin batera, batzordeak martxan jarri ditugu. Herritar orok parte hartu dezake bilera horietan eta udala interpelatu dezake. Herritarrekin gaiak elkarbanatu, eztabaidatu eta aurrera eraman nahi ditugu. Lozorroan zeuden batzordeak esnarazi nahi ditugu eta hemendik herritarrak gonbidatu nahi ditugu parte har dezaten, inongo lotsa eta beldurrik gabe.

Komunikazioa ere aipatu zenuten zuen ardatz gisa.

Plazaberri aldizkaria argitaratzen dugu bizpahiru hilabetez behin, gai nagusiak plazaratzen ditugu, sare sozialak ere erabiltzen ditugu. Komunikazioaren aldetik, beste pauso bat eman behar dugu, kualitatiboa, herritarrengana errazago iristeko, bandoetatik aparte. Informazioa eman eta jasotzeko bideak pentsatu behar ditugu.

Komunikazioa ez da emankorra izan Aiztondoko Gazte Asanbladarekin, itxura denez. Kaleratu duten ohar batean aipatu dute udal gobernuak asanbladaren jarduna deslegitimatu egin duela eta bertan aritzen diren kideak infantilizatu eta kriminalizatu dituela. Ezer esatekorik bai?

Idatzia irakurri dugu. Arduraz hartu dugu eta barne hausnarketa bat egin beharra dugu. Ez dugu beroan erantzungo eta ez dugu solasaldi hau komunikabideetara eraman nahi. Beraz, barne gogoeta hori egin ondoren erantzungo dugu.

Herritarrek biala edo saihesbidea egiteko eskatuz egindako protestekin bat egin du udal gobernuak, hori bai.

Zizurkilgo herriarentzat saihesbide ezinbesteko gaia da. Herri nortasuna, herri izaera bultzatuko luke. Momentu honetan Zizurkildik pasatzen den ibilgailu kopurua oso altua da. 8.000 – 10.000 ibilgailu inguru dira. Udan ikusi dugu zer nolako eragina duen sarrera naturalak erdi itxita egoteak. Izandako bilera guztietan eskatu diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari saihesbidea egiteko eta gaia mahai gainean ere ez dutela erantzun digute. Gure esku dagoen guztia egingo dugu gaia lantzeko eta behingoz biala egin dezaten.

Begi onez ikusten dituzue, orain, Aduna eta Zizurkil artean egiten ari diren lanak?

Lan horiek ez dute egoera estaltzen, esango nuke azaleratu egiten dutela. Obrak irauten duten bitartean, errepidea moztuta egon den garaietan antzeman da zer nolako auto ilarak sortu diren. Zizurkilgo erdigunetik zenbat ibilgailu pasatzen diren erakusteko argazki baliagarria da. Egia da, errepidea konpontzeak bertan gabiltzanontzat mesedegarri da, gure autoak ez matxuratzeko, baino ez du esan nahi segurtasuna handiagoa denik, batez ere oinezko eta bizikletentzat. Errepide hobeak, abiadura handia dakar eta hor arrisku batzuk sor daitezke. Bidegorriaren auzia ere mahai gainean jarri du egoera honek.

700.000 euro baliatuko dituzte errepide hori konpontzeko lanetan.

Beste gauza batzuetara bideratuko balute diru kopuru hori...

Bulandegi auzoaren irisgarritasunaz kezkatuta zaudete. Zein ekinbide egin asmo duzue bertan?

Aduna eta Zizurkil arteko errepidearen konponketak ez du oztopatuko ingurune horretan egin asmo duguna. Hasiak gara lanean azterketa teknikoak egiten eta eskuartean zerbait dugunean horren berri emango dugu.

Area 15 ingurune horretan, aurrera begirako asmo bat duzue. Gauzagarria izango da lau urte hauetan?

Bai. Kanpainan aipatu genuen amets bezala eta ametsak epe luzera gauzatu daitezen aurrez lan egin beharra dago. Horretan gabiltza. Bertako jabe eta kideekin aztertzen ari gara. Ez da kontu erraza, baina legealdi honetan aurrerapauso handiak egiteko aukera baldin badago, egingo ditugu, ondorengoek orain hasitako lanak amaitu ditzaten.

Hirigintza arloan, lan potoloren bat aurreikusten duzue egiteko agintaldi honetan?

Zortzi urte hauetan, aurpegi garbiketa handiak egin dira, onak. Orain ez dugu eskuartean lan handirik, epe motzera begira behintzat, baina lanean gabiltza gauza batzuei buelta bat emateko. Ez noa ezer ez esatera, behin egikaritzen hasten garenean aurkeztuko ditugu.

Plaza Etxeberri eraikina erosi zuen udalak aurreko legealdi bukaeran. Zuen udal taldeak esan zuen ostalaritza zerbitzuarekin jarraitzeko asmoa zuela. Lehiaketara atera zenuten taberna-jatetxearen zerbitzua. Zein unetan dago prozesua?

Zoritxarrez, lizitazioa lehiaketara atera genuenean lehendabizikoz ez zen inor aurkeztu eta bigarrengo aldiz atera genuen ere, hutsik geratu zen berriro ere. Lanketa egiten ari gara orain, jakiteko zerk eragin duen inor ez aurkeztea. Beste bideren bat aztertzen ari gara, jende askorekin hitz egin dugu, nola egin daitekeen ikusteko. Ezin dugu erabakia denboran luzatu, guk eutsi egin nahi baitiogu zerbitzu horri. Bai ala bai. Herrigunean plaza bizia izan dezagun ezinbestekoa da Plaza Etxeberri martxan egotea.

Hori taberna-jatetxeari dagokionez. Eraikinaren goiko partean zer egin asmo duzue?

Han egingo dugu parte hartze batzordearen bilera, justu horretarako, eraikin horrekin zer egin erabakitzeko. Etxe horrek ematen ditugun aukerak aztertu nahi ditugu eta herritarrekin elkarbanatu nahi dugu, beraien beharretara egokitzeko. Nahiz eta Iriarte kultur etxea herrigunean egon, egokia ikusten dugu Plaza Etxeberriko goiko solairu horretan kultur gune bat sortzea. Ideiak asko dira, baina aurrez herritarrekin konpartitu beharko ditugu.

Eta eraikin hori bakarrik ez, inguruko lurrak ere erosi zituen udalak eta lanketa oso sakona egiten ari gara bertan etxebizitza proiektu bat gauzatzeko. Berandu baino lehen izango da zer edo zer eremu horretan.

Herriguneko plaza inguruan beste etxebizitza proiektu bat ere badago.

Bai etxebizitza proiektu pribatu bat da eta horrek bere bidea darama. Uste baino motelago doa. Ingurune horri astindu bat eman nahi diogu, herriko gazteek zein behar dituzten ikusi eta horren araberako proiektu bat gauzatzeko.

Elbarrenako partea beste etxebizitza proiekturen bat baduzue?

Buruan bai, eta lanean ari gara hori noizbait gauzatu dadin.

Zein da egoera ekonomikoa udal honetan?

Zizurkilgo Udalak duen aurrekontua oso saneatuta dago. Diru kontuetan ez dugu arazorik. Azken urtean, Plaza Etxeberriren erosketa dela eta, legeak ezartzen duen gastu muga gainditu egin genuen iaz eta hainbat murrizketa egin behar izan ditugu, puntualki. Baina egoera ekonomikoa ona da neurri handi batean zortzi urte hauetan egin den lanagatik: zorra herenera murriztea lortu da. Epe horretan gainera inbertsioak egin dira eta bide horri segi nahi diogu guk orain. Zorra egungo %30etik %8ra jaitsi dezakegu urte hauetan, norabide honetan jarraituz gero.

Asteroko azoka ere izango duzue hemendik aurrera.

Aurreko legealdiko ametsa zen eta guk ere kanpainan konpromiso bezala hartu genuen. Ostegunetan izango da Joxe Arregi plazako estalpean, gaur bertan hasita. Lauzpabost posturekin abiatuko dugu ibilbidea, guztiak dira herrikoak edo ingurukoak. Zizurkil bezalako herri batek bazuen horretarako beharra eta pentsatzen dugu azokak indartuko dituela Elbarrenako ingurune hori eta baita bertako merkatariak ere. Daudenak mantendu eta saltoki berriak erakartzeko ere balio dezake. Oso gustura gaude, ilusioz eta gogotsu. Lan asko egin da aurretik, isileko lana, geldoa akaso, baina lan ona izan da eta horren emaitza ikusiko da. Fruta eta barazkiak izango dira salgai, fruitu lehorrak ere bai, bakailaoa eta Uliazpiko erabiltzaileek loreak ekarriko dituzte. Herrigunean barazki postua, Zizurkilgo baserritar batena ere, han izango da ostegunetan. Gure aurreikuspena da handitzen joango dela. Hemendik deialdia luzatuko nuke inork parte hartu nahiko balu, deitzeko lasai, txoko bat egingo diogu asteroko azokan.

Urriaren 13an, beste hitzordu bat, urterokoa, Azoka Berezia.

Zita garrantzitsua da eta espero dugu eguraldi ona izatea aurten. Goizez bakarrik izango dira baserritarren postuak eta artisauenak berriz, goiz eta arratsaldez. Pottokak egongo dira, herri bazkaria ere bai, harri txikien erakustaldi bat arratsaldean eta txakolin dastaketa bat eguna borobiltzeko.

Euskara eta feminismoa beste bi ardatz bezala aurkeztu zenituzten kanpainan. Bi arlo horietan ekimen zehatzik baduzue?

Erasmus + proiektua aurkeztu genuen aurrekoan eta oso pozgarria da guretzat, herriko zortzi gazte beste lekutako gazteekin hizkuntza gutxituei buruz aritzea. Aurreko legealdian, aho batez, euskara plana onartu zen eta martxan jarriko dugu orain eta ahalik eta gauza gehien egingo ditugu euskara indartu, euskara ikastearen alde eta erabiltzearen alde. Feminismoari dagokionez, aurrekontua osatzerako orduan genero ikuspegia txertatu nahi genuke, jai parekideak egiteko parte hartze prozesua egiten ari gara eta bi mintegi falta dira amaitzeko. Feminismoa ez da argazki bat, lanketa bat baizik. Ikasi ez dugunak ikasteko, eta heteropatriarkatuaren menpeko bizi garenok horretaz jabetu eta sistema iraultzeko.

Zer esango zenieke zizurkildarrei?

Bejondeizuela. Hori aurreneko gauza. Gu lan egiteko aurkeztu ginen hauteskundeetan eta horretan ari gara. Herritarrei ere eskatzen diogu, gurekin batera lan egin dezaten, zizurkildarren mesederako izango da. Bidean topo egingo dugu herriaren alde. Askotan ez dugu asmatuko, hori ere aitortzen dugu, denen gustua ezin baita egin, baina prest gaude entzuteko okerrak nun egin ditugun horiek konpondu ahal izateko. Udaletxeko ateak zabalik daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!