"Elkarrekiko igurtzi horretatik sortzen da elkartasuna"

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 2a, 19:59

Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiko irakurle taldean izan da idazlea, 15 emakume bertsolariren bizipenakjasoz kaleratutako 'Kontrako eztarritik' liburuaz hitz egiteko.

Bizitzan badu ipar bat Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984): «gozatu, gozatu eta gozatu, bestela ez dago eta bizirauterik». Gozamen iturri zaizkion bi jardunak uztartu ditu Lisipe bildumako liburuan.

Askotan aritu zara 'Kontrako eztarritik' liburuari buruz irakurle taldeetan?

Hau da aurrenekoa, egia esan. Gonbidapenak bat baino gehiago iritsi zaizkit, baina liburua ateratzerako argi neukan ez nuela misiolari lanetan ibili nahi. Iruditzen zait bide luzea egin behar izan dugula honetaz hitz egiteko konfiantza eraiki ahal izateko. Liburuan parte hartu dugun guztiok egin izan dugu gure txikian lan handia, gai honekiko. Hiru aldiz lan neketsuagoa da bertsolari izatea, emakume eta feminista baldin bazara. Orain ez nuen aritu nahi, ikuspegi hori esplikatzen eta pedagogia lana egiten, behin eta berriro. Liburua hor dago. Liburuko testigantzek gauza asko argitzen dituzte. Badago parte teoriko txiki bat, argi azaltzen duena zein den zoru hori. Bibliografia ere hor dago. Orduan erabaki nuen, etxetik gertu eta eskura geratzen zitzaizkidan taldeak egitea. Zizurkila nire burua probatzera nator. Orain arte beti fikzioarekin ibili bainaiz irakurle taldeetan, baina beste kontu bat da iritziaren arloa; bizipenak kontatzea, gainera ez norbere bizipenak, besterenak baizik. Ez da erraza nondik hitz egin asmatzea.

Martxoan kaleratu zenuen liburua, ordutik ze dardara sumatu duzu bertso munduan? Arrastorik utzi al du lan honek?

Ni eta gu, oso gustura gaude. Gustura nago liburuarekin, egitea bera oso aberasgarria izan delako. Jaso ditugu iritzi eta bizipen pila bat, beste arlo askotako emakumeenak esanez identifikatuta sentitu direla, argigarria egin zaiela. Suhiltzaileak, musikariak, kazetariak, militanteak, unibertsitateko irakasleak... denetariko emakumeek esan digute, 'hau da gertatzen zaiguna'. Nire susmoa bazen liburua adierazteko, bazela zerbait unibertsala eta gure esperientzia partikularrek balio zezaketela beste batzuei buruz hitz egiteko ere. Alde horretatik pozik gaude, bestetik bertso munduan, nik uste, bere eragina izaten ari dela. Askotan ez dakizu zenbatgarren geruzan. Espero nuen gizonen partetik isiltasun handia eta horrela gertatu zen. Gero egia da, tantaka-tantaka joan zaizkigula batzuk hurbiltzen eta irakurri dutela esaten. Normalean irakurri dutenek beti gauza onak azpimarratu izan dituzte, nahiz eta botere sistema honetan beste leku batean dauden heinean gauza deserosoa gertatuko zaie irakurketa. Baina gero badago beste parte handi bat, ezer gertatu ez balitz bezala dagoena. Hasieran banengoen gehiago horra begira, baina orain, alderdi positiboari begiratzen diot gehiago. Guretzat oso baliagarria izan da, beste emakume askorentzat ere bai. Gizonezko askok esan digute interesgarria egin zaiela gauza batzuk ikusteko balio izan diela. Liburu batek ez du mundua aldatu, baino oso pozik gaude egindakoarekin.

Ez da ezerezetik datorren kontua. Bertso mugimenduan aspalditik ari zarete lanketa feminista egiten.

Bai eta liburu hau bide horren emaitza da. Duela 10 urte ez zen posible izango. Aurretik eraiki behar izan da konfiantza bat, konturatu behar izan dugu elkarren ispilu garela, bestearen bizipenak eta gureak diferenteak izan arren, leku beretik datozela. Deseraiki behar izan ditugu konpetentzia, elkarrekiko lehia eta inbidia eta hori ez da kontu erraza. Gauza hauek oso politikoak dira, nahiz eta oso pertsonaltzat eta lotsagarritzat dauzkagun askotan. Badira 10 urte bertso munduan gai hauek oso modu esplizituan lantzen hasi ginela, Ainhoa Agirreazaldegi eta biok. Gerora sortu ziren emakumeen arteko topaketak, ahalduntze bertso eskola, Ez da kasualitatea bertso saio feminista... Elkarrekin egoteak eta bertsotan egiteak lagundu digu, lehen aipatutako konfiantza egiten. Zortziko txiki baten aurrean, beste kideren batekin behin eta berriz aritzen zarenean konturatzen zara, mekanismo asko, beldur asko, testuingurua... gauza asko konpartitzen dituzula eta elkarrekiko igurtzi horretatik sortzen dela elkartasuna. Elkarrekin egotetik. Horregatik dira hain garrantzitsuak oraindik, bilerak, kaleak, tabernak eta horiek guztiak. Oso momentu interesgarrian gaude, bertsotan ari diren emakume asko eta asko, gehienak esango nuke, feministak dira, kontzientzia oso altua dute. Liburuko bizipenetan ikusten da nola dakiten teorizatzen eta bizipen horietan dagoen politika azaleratzen. Hori gertatu da, formatu behar izan dugulako, gehienek testu feminista asko irakurri ditugu, beste talde feminista batzuetan militatzen dugu edo bertso mundu barruan bilatu izan dugu gai hauei buruz jarduteko modua. Horretan gabiltza, elkarrekin pentsatzen eta kantatzen. Nik badut ipar bat: gozatu, gozatu eta gozatu, bestela ezin da iraun.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!