Herriko zortzi gaztek Erasmus + programan hartuko dute parte

Jon Miranda Labaien 2019ko ira. 26a, 09:11

Herriko zortzi gaztek, Elgoibarko, Donibane Garaziko eta Irlandako Galway herriko beste hainbat gazterekin batera, Erasmus + programan hartuko dute parte, bi egonalditan, hizkuntza gutxituen gaia lantzeko.

Europako hizkuntza aniztasunaz ohartaraztea, leku ezberdinetako gazteek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikustaraztea eta hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuen inguruko lanketa egitea. Helburu horiek ditu 14 eta 16 urte arteko gazteentzat prestatu duten programak. Proiektuan 32 nerabek hartuko dute parte: Zizurkilgo zortzik eta Elgoibarko, Donibane Garaziko eta Irlandako Galway herriko beste zortzina gaztek. Astebeteko bi egonaldi egingo dituzte, lehendabizi Galwayen urriaren 29tik azaroaren 4ra, eta ondoren Hondarribiko aterpetxean, abenduaren 2tik 9ra. Etzi, Eskal Herriko nerabeek elkar ezagutzeko egun osoko topaketa egingo dute Donostian.

Proiektuak kezka bati erantzuten dio, Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak nabarmendu duenez: «Udalak urteak daramatza nerabeekin lan egiten Gaztezuloren bitartez, eta azkenaldian kezka sortu da euskararen erabilerari dagokionean, helduenek batez ere, gaztelaniarako joera daukatelako». Elgoibarren ere gai berarekin arduratuta zeudela eta, lankidetzan, gazteen arteko trukaketa proiektu bat lantzen hasi ziren, Donibane Garaziko lizeoarekin batera. Europako Batasunaren Erasmus + programara aurkeztu zuten egitasmoa, beste hizkuntza gutxitu bateko gazteen eguneroko errealitatea ezagutzeko aukera ematen duen programara, alegia. Bertan parte hartzen du Irlandako Galway herriko Muintearas Teo elkarteak eta era horretara diseinatu dute egonaldi bikoitza. Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu du parte proiektuan eta Eusko Jaurlaritzak babestu du.

ASTEBETEKO BI EGONALDI

Hizkuntzarekiko hausnarketa sorrarazi nahi diete gazteei eta horretarako egonaldi bakoitzean bost tailer antolatu dituzte. Tailer horietan hizkuntza gutxituen gaia landu eta sakonduko dute, arlo desberdinetan. Maite Amenabar Zizurkilgo alkateordeak azpimarratu duenez, «ezagutzari, erabilerari, kultur kontsumoari eta beste hainbat alorri lotutakoak izango dira».

Irlandako egonaldia, Gaelikoaren egoera ezagutzeko eta Irlandakoek egoera diglosikoa nola bizi duten hurbilagotik ulertzeko baliatuko dute. Abenduan, berriz, Euskal Herrian ibiliko dira 32 gazteak. Astebete pasako dute hemen eta egoera soziolinguistikoa hurbilagotik ezagutzeko baliatuko dute. Azalpen eta jarduerak euskaraz eta ingelesez egingo dituzte eta Zizurkilgo taldea dinamizatzen, Ane Artutxa eta Julen Alberdi hezitzaileak ariko dira.

Zizurkilgo Udalak ez du proiektua ekimen isolatu bezala ikusten, «elkarlan baten hasiera gisa baizik». Irlandako eta Euskal Herriko egonaldiak bukatuta, nerabeek lanketa berezia egingo dute gaztelekuetan eta ikastetxeetan, «haien esperientzia zabal dezaten eta euren inguruan hizkuntza ohiturak aldatzen saia daitezen», aipatu du Amenabarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!