Ikasturtea indartsu hasiko dute Zizurkilen

Irati Urdalleta 2019ko abu. 29a, 13:56

Ekintza ugari antolatu dituzte Zizurkilen irailerako. Besteak beste, gaztei zuzendutakoak eta euskararen nahiz kirolaren ingurukoak izango dira.

Zizurkilen ez daude geldirik egoteko eta gustu askotarako ekintzaz bete dute iraila. Festei dagokienez, Elbarrenako jaiak izango dira irailaren 4tik 8ra. Gainera, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa martxan jarri dute eta ahalik eta iritzi gehien jaso nahi dituzte. Horretarako, udal bulegoetan eskuragai dagoen liburuxkan idaztera bultzatu nahi dituzte herritarrak.

Gazteei zuzendutako zerbitzuak ere irekiko dituzte berriro. Esaterako, Gaztezulo iraiaren 10etik aurrera hasiko da martxan. Astelehenetan eta ostegunetan, 9-11 urteko gaztetxoak sartuko dira 17:00etatik 18:30era eta 20:00ak arte LH6koak. Ostiral eta larunbatetan, helduagoen txanda izango da. DBH1ekoak eta DBH2koak sartuko dira ostiraletan 17:00etatik 18:30era eta DBH3koak eta DBH4koak 20:00ak arte. Larunbatetan ere ordutegi bera izango dute.

Euskarari dagokionez, Zizurkil eta Villabonako udalek herrian bertan ikasteko aukera eskaintzen dute eta diruz laguntzen dute. Maila guztietako ikastaroak izango dira, beti ere taldeak osatuz gero, baita Mintzalagun programa ere.

Kirolean aritzeko aukera ere izango dute Zizurkilgo gaztetxoek. Horretarako, prest dituzte pilota eta txirrindularitza ikastaroak eta entrenatzeko ordutegiak ere finkatu dira dagoeneko.

Parekidetasunean ere ez dira atzean geratuko. Emakumeen zirkulua osatu nahi dute eta horretarako, urriaren 4an hasita, hamabostero bilduko dira Iriarte etxean 18:30ean. Gainera, emakumeei korrika egiteko deialdia ere egin diete. Horretarako, irailaren 13an hasita, ostiralero Otaño ikastetxeko frontoian elkartuko dira 18:30ean, Aitziber Ibarbia kirolariak jarritako entrenamendua egiteko.

Azkenik, kulturari dagokionez, Zizurkilgo eskulan tailerreko ikasleen erakusketa egongo da irailaren 13tik urriaren 15era. Horrez gain, euskarazko irakurketa klubean, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburua landuko dute, irailaren 30ean 18.00etan, Plazida Otaño liburutegian, eta idazlea ere bertan egongo da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!