Irailarekin batera, badatoz Zizurkilgo jaiak ere. Abuztuaren 31n hasi eta irailaren 9ra arte luzatuko dira. Lehen egunean, II. Emakumeen Melokotoi Txapelketa jokatuko dute Bera Beraren, Ordiziaren eta Hernaniren artean. Jarraian, hirugarren denbora jokatu gabe ez uzteko, bazkaria egingo dute, Joxe Arregi plazan. Atxulondon eta Egarrin eman daiteke izena eta gaur da azken eguna.
Hurrengo egunean ere ez da festarik faltako eta II. Zizurkilgo kotxe eta motor klasikoen topaketa egingo dute. 8:30etik 9:30era elkartuko dira ibilgailuak eta 9:45etik 11:00etara motorren igoera kronometratua egingo da Fraisorora. 11:30etan hasita, kotxe eta motorren ibilaldia egingo dute Aiztondo inguruan eta 13:00ean, berriz, 30 urtetik gorako motorren azelerazio froga hasiko da. Motorretan eta kotxeetan nahikoa ibilita, 14:30ean bazkaldu egingo dute. Arratsaldea ere festarako aprobetxatuko dute 17:00etan egingo den kontzertuarekin eta jarraian egongo den DJ-arekin.
Bi egunez atseden hartuta, asteazkenean izango dituzte hurrengo ekitaldiak. 19:00etan, XII. Kros Mistoa egingo dute, Danena lasterkarien taldeak antolatuta. Amaitutakoan, indarrak berreskuratzeko, barrikotea izango dute Joxe Arregi plazan.
Ordutik aurrera, egun bete-beteak edukiko dituzte festarako. Ostegunean, marrazki lehiaketa egingo dute eta erakusketaren irekiera eta sari banaketa egingo dituzte Plazida Otaño liburutegian, 19:00etan hasita. Eta ordurako festan hainbat egun igarota edukiko dituzten arren, 20:00etan botako dute txupinazoa eta melokotoia aurkeztuko dute, herriko Bukalai dantza taldeari eskainita. Jarraian, buruhandien aurretik lasterka arituko dira, JunDaJo txarangaren laguntzaz. 21:30ean herri afaria egingo dute, Atxulondo eta Pasus jatetxeen eskutik eta ez aspertzeko, txaranga eta karaokea ere edukiko dituzte.
Ostirala gazteei zuzendutako eguna izango da. 11:30ean hasiko dira haurrentzako dantza gidatuak eta 14:30ean, gazte bazkaria egingo dute Joxe Arregi plazan. 17:00etan Zirika Zirkus taldeak Ondorengoak antzezlana eskainiko du. Jarraian, txokolatada egingo dute eta buruhandiak ibiliko dira Joxe Arregi plazan. 18:00etatik aurrera musika nagusituko da Elektropapo elektrotxarangarekin eta 21.30etaik aurrera, gazte bokata afaria eta suzko zezena egongo dira baita Meliora, La Desbandada eta Anita Parker taldeen kontzertuak ere.
Larunbatean, umorea nagusituko da Zizurkilgo kaleetan, izan ere, mozorro eguna dute prest ordurako. 11:00etan, haur tailerrak egingo dituzte, Ombu guraso elkartearen eskutik. Ondoren, buruhandiak ibiliko dira Joxe Arregi plazan eta 14:00etan, herri bazkaria egingo dute. Jarraian, ez da aspertzeko betarik izango postre lehiaketarekin, bingo musikatuarekin eta psiko hiltzaileren jolasarekin. 20:00etatik 21:30era, Gabezin taldeak dantzaldia eskainiko du. 00:00etan iritsiko da eguneko unerik garrantzitsuena. Izan ere, orduan banatuko dira mozorro lehiaketaren eta psiko hiltzailearen sariak. Jarraian, festak ez du etenik izango DJ Gatxetekin eta DZ-rekin.
8:00etan, batzuentzat eguna amaitu eta besteentzat hasi egingo da dianarekin eta 11:00etan, Urkamendi elkarteak sardinak eta sagardoa eskainiko ditu. 12:45ean, Herriko Bulakai euskal dantza taldearen ikuskizuna ikusteko aukera egongo da. Arratsaldean, festan jarraituko dute 16:00etan hasiko den XI. Joxe Arregi mus txapelketarekin eta 16:30etik aurrera kalean ibiliko den erraldoi eta buruhandien konpartsarekin. Ogitarteko iluntzea ere antolatu dute iganderako. Horrenbestez, afaria egingo da plazan eta norberak bere ogitartekoa eraman beharko du. Mahaiak eta aulkiak, berriz, jarrita egongo dira. 21:30ean hasiko da eguneko azken ekintza: Putinen guardasola antzerkia, Ramon Agirre aktorearen eta Inazio Tolosa musikariaren eskutik.
Azken eguna ez da aurrekoak baino gutxiago izango. 11:30etatik, ur eta kolore festa izango da eta antolatzaileek azpimarratu dute kamiseta zuria eramatea komeni dela. Eguerditik aurrera, umeek helduei pasako diete festaren lekukoa. 13:30ean erretirodunen jolasak izango dira, Elizpe jubilatu elkarteak antolatuta baita buruhandiak ere. 14:30ean, erretirodunen bazkaria egingo da, Joxe Arregi plazan, eta izena emateko 697 114 795 telefonora deitu beharko da. Horretarako azken eguna irailaren 3a izango da. Bapo bazkalduta, dantzan hasiko dira 16:30ean. 18:30etik aurrera, berriz, patata tortillarik onena nork egiten duen erabakiko dute eta lehiaketan egindakoa dastatzeko mahaiak eta aulkiak egongo dira plazan. 20:30ean, melokotoi sariak banatuko dituzte eta 22:00etan, bertso saioa izango da Amets Arzallus, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe bertsolariekin. Orduan, datorren urtera arte agurtuko dituzte festak.