Zizurkil Herriguneko jaiak 2019

Suziriari aurrea hartu diote oilasko biltzaileek

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abuztuaren 14a

Txupinazo hotsik oraindik entzun ez badute ere, Zizurkilgo herrigunean festa giroan dira jada; goizean goiz ekin diote oilasko biltzeari. 

06:30ean egina zuten hitzordua, baserriz baserri oilasko biltzeari ekiteko, eta 14:00en aurretik herritarrak zain zituzten, oilasko biltzaileek, plazako dantza saioaz gozatzeko. Gaur arratsaldean, 19:00etan, Alatzne Etxaburuak botako du txupinazoa, baina suziri ofizialik ez dute behar zizurkildarrek: hasi da beren jaia. 

Herriko gazteek eutsi diote usadio zaharrari eta, etxez etxeko buelta amaitu eta plazako tabernei bisita egin eta gero, Axeri dantza eskaini diete bertaratutako herritarrei. Fandango eta arin-arina bukatzeko, zizurkildarrak sartu dituzte biribilean. 

Jaietako lehen hitzordua izan da oilasko biltzaileena, baina, iluntzetik aurrerako hitzordu guztietarako mezua zabaldu dute zizurkildarrek, talde argazkiarekin: eraso matxistarik ez. 

Larunbatera bitarte, ez dute aspertzeko betarik izango Zizurkilgo herrigunean. Ikusi egitaraua hemen

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!