Zizurkil Herriguneko jaiak 2019

Herrigunean goi mailako festak

Irati Urdalleta 2019ko abu. 11a, 17:00

Tolosaldeko herri ugaritan bezala, Andre Mari festak ospatzen dituzte Zizurkil Herrigunean ere. Iaz baino egun bat motzagoak izan arren, ez da aspertzeko denborarik egongo abuztuaren 14tik 17ra.

Oilaskoak biltzen. Horrela hasiko dituzte aurten ere Zizurkil Herriguneko festak eta parte hartu nahi dutenek baserritarrez jantzi beharko dute. Batzuk baserriz baserri dabiltzan bitartean, haur eta nerabeak frontenisean lehiatuko dira. 14:00ak aldera jaitsiko dira oilasko biltzaileak kalera eta dantzaldia eskainiko dute. Ondoren, eraso sexisten aurka daudela aldarrikatuko dute, argazki bat aterata. Arratsaldean ere ez da entretenimendurik faltako. Imanol Ituiño magoak Magia parrastan ikuskizuna eskainiko du plazan eta idi probak izango dira plaza berrian. Eguna festan igaroko badute ere, 19:30era arte itxaron beharko da suziria lehertzeko. Alatzne Etxaburua segalaria izango da metxa piztearen arduraduna. Behin festan sartuta, herri afaria egingo dute plazan. Txartelak ohiko lekuetan egongo dira salgai eta abuztuaren 11 baino lehenago erosi beharko dira. Tripa bete ostean, erromeria egingo dute Laiotz taldearekin.

Festetako egun nagusia etxeko txikienek eta helduenek esnatuko dute. Mezaren eta erretirodunen hamaiketakoaren ondoren, ping-pong-a eta mahai jolasak izango dituzte. Eguerdirako, berriz, herri kirolen erakustaldia daukate prest. Pentatloian lehiatuko dira Joseba Otaegi eta Luis Txapartegi, aizkoran Jon Irazu eta Jokin Alkizalete eta harri-jasotzen Jon Unanue Goenatxo III.na ariko da. Kirolarekin segituz, haur eta nerabeentzako saskibaloi partidak izango dira 16:30ean eta hamabosgarren aldiz, trikiti txapelketa jokatuko dute, 18:00etan. Ondoren, egarria kenduko dute sagardo dastaketarekin eta hor ere ez da trikitirik faltako, Leire Lasa eta Irati Irurtzunekin. Zizurkildarrek gozatzen jarraituko dute bertso saioarekin eta Izer eta Alabierrek alaituko dute gaua.

Ostiralean, txikienek izango dute egun handia. 12.00etan krosa edukiko dute eta ordu laurden lehenago hasiko da izen ematea. Korrika jarraituko dute buruhandiekin eta ondoren egingo diren jolasekin. Indarrak berreskuratuko dituzte 14:00etan egingo den bazkarian eta arratsaldea ere disfrutatuz igaroko dute puzgarri eta jolasetan. Baina helduagoek ere izango dute festarako tarterik. 16:00etan XXX. Mus Txapelketa jokatuko dute zentroan eta hankak mugitu nahi dituenarentzat Ttipika taldearekin dantzaldi gidatua egingo dute 18:30ean. Iluntzean ere ez da festarik faltako. Izan ere, zezen suzkoa, zimiterioko pilota txapelketako finalak eta «Malli memorialeko» 3. eta 4. postuak nahiz finala jokatuko dituzte. Ondoren, erromeria egingo dute Laket taldearekin.

Festei ez diete nolanahiko agurra emango Kuadrillen Egunarekin. 12:00etan hasiko da festa Añorga eta Zizurkilgo erraldoi eta buruhandien konpartsarekin. Tokan eta txapel jaurtiketan ez da lehiarik faltako eta herri bazkaria ere egingo dute. Arratsaldea ederki pasako dute bingoarekin eta kuadrillen arteko jolasekin. Fan&GO taldeak 19:30ean eta 23:00etan saioa eskainiko du eta goizaldera arte parranda egingo dute DJ Jotatxorekin.

EGITARAUA

ABUZTUAK 14, ASTEAZKENA
06:30. Oilasko biltzearen hasiera.
12:00. Haur eta nerabeentzako frontenis txapelketa.
14:00. Oilasko biltzaileen dantzaldia eta eraso sexisten aurkako herri argazkia.
17:30. Imanol Ituiño magoa.
18:00. Idi probak, plaza berrian.
19:30. Suziria. Txapel Eguneko txapelduna izan den Alatzne Etxaburuak botako du.
21:00. Herri afaria plazan.
Ondoren. Erromeria Laiotz taldearekin.

ABUZTUAK 15, OSTEGUNA
Ama Birjin eguna
11:00. Meza nagusia.
Ondoren. Erretirodunen  hamaiketakoa.
12:00. Ping pong-a eta mahai jolasak.
12:30. Herri kirolen erakustaldia: pentatloia, aizkora eta harri-jasotzea.
16:30. Saskibaloi partidak haur eta nerabeentzat.
18:00. XV. Trikiti Txapelketa.
Ondoren. Sagardo dastaketa plazan, Leire Lasa eta Irati Irurtzun trikitilariekin.
23:00. Bertso saioa.
Ondoren. Izer eta Alabier.

ABUZTUAK 16, OSTIRALA
Umeen eguna
11:45. Kroserako izen ematea.
12.00. Krosa.
12:30. Buruhandiak.
Ondoren. Jolasak.
14:00. Bazkaria herriko umeentzat.
15:30-19:30. Puzgarriak eta jolasak.
16:00. XXX. Mus Txapelketa zentroan.
18:30. Ttipika taldearekin dantzaldi gidatua.
22:00. Zezen suzkoa.
22:30. Zimiterioko XVII. Pilota Txapelketako finalak. Malli memoriala 3. eta 4. postuak eta finala.
Ondoren. Erromeria Laket taldearekin.

ABUZTUAK 17, LARUNBATA
Kuadrillen eguna
12:00. Añorgako eta Zizurkilgo erraldoien eta buruhandien konpartsa herrigunean.
13:00. Toka txapelketa eta txapel jaurtiketa.
14.30. Herri bazkaria.
Ondoren. Bingoa eta kuadrillen arteko jokoak.
19:30. Fan&GO taldearen lehen saioa.
23:00. Fan&GO taldearen bigarren saioa.
Ondoren eta goizaldera arte. DJ Jotatxo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!