Zizurkilen GTX Festa egiten ari dira asteburuan

Ataria 2019ko uztailaren 20a

Kaxilda gaztetxean ari dira ekitaldiak egiten. Goizean Estado de excepcion y estado de guerra liburuaren aurkezpena egin dute, besteak beste.

Aiztondoko Gazte Asanbladak Illunjako industriagunean espazio bat okupatu eta Kaxilda gaztetxea jarri zuen martxan joan den apirilean. Hiru hilez «erresistitzen» daramatela ospatzeko, egitaraua prestatu dute astebururako.

«Oztopo guztien gainetik gaztetxeak aurrera jarraitzen du. Instituzioek gure borroka deuseztatzeko mila saiakera egin arren inoiz baino biziago gaude, mundu zaharra gainditu eta berri bat eraikitzeak dakarren ilusio eta indar guztiarekin. Orain arte egindako lan guztiaren ospakizuna izango da GTX Festa, erresistentziak merezi duen deskantsu tartean eta elkartasunean oinarrituko dena». Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sareak martxan jarri berri duen erresistentzia kutxa nazionalera bideratuko dira irabaziak.

Hona hemen gaurko egitaraua:

14:30. Bertso bazkaria: Maialen Akizu, Eli Pagola eta Aitor Bizkarra bertsolariekin. Gai jartzailea: Amaia Agirre. Sarrera: 7 euro.

17:00. Ipuin Poema Sinfonikoa.

19:00. Txoria Txori bakarlaria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!