"Libre, zerua ispilu". Lelo hori irakurri dezakegu Zizurkilgo Aranburu arrautzen banaketa furgonetan, eta behin oilategira bertaratuta, hori ikusten da: aire librean dabiltzan oiloak, basoan. Bertan barneratu eta oilo artean topatu dugu Xabier Aranburu. Edurne Aranburuk arrautzak biltzen dabilela kontatu digu, oilo batek hosto artean aztarrika egiten duen bitartean. Aranburu anai-arrebek Tolosaldeko oilategi honetako hirugarren belaunaldia dira, eta ezagutu nahi izan dugu bertako istorioa. Basoan barrena paseatuz, oiloen artean, Xabier Aranbururekin aritu gara berriketan.
Hirugarren belaunaldia zarete, historia askoren sinonimo da hori...
Duela 62 urte du sorrera, 1957. urtean. Baserriko lanetan irratia entzunez aritzen zen gure aitona, eta ostiraletan ba omen zen baserrien inguruko programa bat. Han entzun zuen oiloak etorkizuneko aukera izan zitezkeela. Momentu horretan piztu zen txispa, burua bueltaka hasi eta segituan jarri zituen 100 oilo Aduna eta Zizurkil arteko Arrazubi baserrian. Gero 300 oilo, beranduago oilategia egin...
Ekintzailea izan zen orduan zuen aitona.
Bai, bai… garai haietarako ideia berriztagarria zen oilategiarena. Gutxiespenak ere jaso zituen: «Nora hoa animalia txiki horiekin?», «gauza earrakin hasi behar dek», «pobre caserio» edota «ze abil oilo txoro horiekin?»… entzun behar izan zituen. Baina berak sinesten zuen proiektu hartan, eta pentsa, oraindik hemen gabiltza. Oiloak bere pasio eta ilusio izan ziren, 90 urte beteta ere, hemen izaten zen oilategian esku bat botatzen.
Gero bigarren belaunaldia batu zen.
Aipatzekoa da ere, amona eta aitonaren arrebaren lana ere ezinbestekoa izan zela aitonarekin batera. Amona astoan saskietan arrautzak sartu eta Tolosa eta Villabonako azoketara joaten zen saltzera. Oraindik, Villabonako azokan jarraitzen dugu, ama joaten baita: amona eta amaren artean 62 urte azokara joaten asteartero. Aiton-amonek hasi zuten, baina aita eta amak eraman dute azken hamarkadetako martxa, osaba-izebekin batera. Sekulako lana egin dute, eta beti ilusioa piztuta mantendu. Oilategi berriak egin zituzten, baina duela 7 urte berriro oiloak libre jarri zituzten. Beraien bizia hau izan da, eta orain, laurok gabiltza.
Kaiolako oiloak izan zenituzten orduan.
Bai, industrializazio garaiak ziren, eta orduan kantitateak eta prezioak agintzen zuten. Baserriak hartara bideratu ziren ere. 2012an kaiolak kendu zituzten ordea, eta nik uste, atzerapausoa baino, aurrerapausoa izan dela. Oilo kopuruan jaitsi gara, baina oiloen bizi kalitatean irabazi dugu, eta ondorioz, gusturago aritzen gara gu ere lanean.
Zuek oiloak libre zeudela batu zineten proiektura honenbestez.
Kaiolan jarraitu izan balute, ez nintzateke proiektura gehituko. Oiloak basoan libre ikustean, jaramon handiegirik egiten ez nion oilategiarengatik interesatzen hasi nintzen. Kanpoan hainbat lanetan ibilita, etxean hasi nintzen duela 3 urte. Pixkanaka ilusioa barneratzen ari zait, eta hori seinale ona da.
Landa oiloen ordez, basoan ibiltzen diren oiloak aipatzen duzu. Zergatik?
Oiloen ongizatea bilatzen dugu, eta libre korrika ibiltzeko aukerari garrantzia ematen diogu. Bi oilategi ditugu. Batetik, basoan ibiltzen dira, eta bestetik, aurtengo apustua izan da basoan beste bat sortzea. Jakoba Errekondoren laguntzarekin egin dugu hori. Basoa aberasgarriagoa da oiloentzat: itzal gehiago daude, zeruko piztietatik babestuago sentitzen dira, jolaserako aukera gehiago dute, eta jateko gauza gehiago. Gure arrautzak basoko arrautzak dira honenbestez.
Arrautzak basoan biltzen dituzue?
Iluntzean sartu egiten dira oilategira, eta goizean arrautzak egiten dituzte. Goizeko 11:30ean irekitzen diegu atea berriro. Oiloei atea ireki eta basoan beraiekin sartzea momentu polita izaten da egunero. Goizean eskuz eta makinekin biltzen ditugu, eta hurrengo egunean salmentan jartzen. Freskura horri garrantzia ematen diogu, oso gutxik dugu horrela lan egiteko aukera. Gipuzkoan saltzen ditugu arrautzak: denda, harategi eta tabernetan. Azoketan astero Villabonan eta Hernanin, eta egunero, Groseko merkatuan. Gertuko harreman hori gustatzen zaigu, eta hori zaindu nahi dugu.
Beste lantegietan ibiliak zarete, zer du berezia honek?
Lotua da, baina gure erara antolatzeko askatasuna ere badugu. Tailerrean ez zaio eguraldiari jaramonik egiten, ez dira urtaroak sentitzen. Orain zuhaitzak eta paisaia nola aldatzen diren ikusten dut. Beno, eta gero sari polita izan ohi da jendeak zoriontzea arrautzengatik, parekorik ez duela aurkitzen entzutea, edota, sukaldari ezagunak oilategia ikustera etorri eta miresmena adieraztea.
Bultzada da aurrera jarraitzeko.
Indarra izaten dira keinu horiek aurrera jarraitzeko. Sukaldari oso profesionalak badaude, produktuari balioa ematen diotenak, eta horiei esker gurea bezalako produktuak daude. Baita horri balioa ematen dioten herritarrei esker ere. Erosketa bakoitzarekin gure mundu ikuspegia adierazten ari gara aldiro, hori izan behar dugu kontuan, etxe bakoitzeko erabakiek inguruan eragiten dutela.
ARANBURU OILOTEGIA
- Helbidea. IARTZA AUZOA, ZIZURKIL.
- Telefono zenbakiak. 625 709 687 eta 669 684 572
- Sare sozialak. Facebook: Aranburu oilotegia
- Instagram: Aranburu oilotegia
- E-maila. aranburu_oilotegia@hotmail.com