Julen Gabirondo, Gipuzkoako segalarik azkarrena eta txukunena

Ataria 2019ko uztailaren 13a

Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketa jokatu da Zizurkilen, gaur arratsaldean. Zortzi segalari aritu dira lehian, horietatik lau eskualdekoak.

Julen Gabirondok irabazi du azkartasuna eta txukuntasuna kontuan hartzen dituen sega txapelketa. Lehen kanporaketan bera izan da azkarrena 100 metro karratuko sailean. Penalizazioak penalizazio, saila azkarrena berak moztu du. Iban Pardo sailkatu da bigarren, Mikel Lizartza tolosarraren eta Suharri Irazustabarrenaren aurretik. Horiek izan dira finalera pasa diren lau segalariak. Kanpoan, Arkaitz Arteaga baliarraindarra hiru segundora geratu da. Jon Otegi gaztea, Peio Argaia zizurkildarra eta Joakin Garmendia anoetarra ere ez dira finalera pasa. Azpimarratzekoa azken honek 74 urterekin txapelketan parte hartu izana.

Finalean beste horrenbesteko lana zuten, eta oraingoan, saila mozten azkarrena Iban Pardo izan da. Penalizazioak aurka izan ditu ordea sasoi bikaina erakutsi duen Pardok. Segundo gutxira bukatu du Gabirondok, eta txukuntasunari esker, buelta eman dio denborari txapela jantziz. Mikel Lizartza izan da hirugarren amaitu duena. Tolosarra bikain ibili da, belarra dotore mozten duela erakutsiz. Irazustabarrena sailkatu da laugarren.

Sari banaketa ekitaldian Andoni Goikoetxea eta Aitor Esnaola gogoan izan dituzte. Bi segalariak espetxean dituzte, baina sega mundua alboan dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!