Plazaetxeberri jatetxea ustiatzeko kontratua lehiaketara atera dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 3a, 18:59

Zizurkilgo abuztuko festak amaitu arte egungo kudeatzaileek eramango dute taberna-jatetxearen ardura; hilaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak.

Zizurkilgo Udalaren aurtengo inbertsio nagusienetako izan da herrigunean Plazaetxeberri etxe historikoaren erosketa. Herritarrekin prozesu bat garatu asmo dute udal ordezkariek eraikinaren erabilera erabakitzeko, baina bien bitartean taberna-jatetxeari irekita eutsi nahi diote. «Herriguneko festak amaitu arte egongo dira egungo kudeatzaileak eta maizter berrien bila hasi behar dugu zerbitzuari eusteko», azaldu du Iker Urruzola alkateak.

LAU URTEKO KONTRATUA

Hainbat baldintza ezartzen ditu jatetxe-taberna kudeatzeko atera den lehiaketak. Hiru urteko iraupena izango du ustiaketa kontratuak eta gehienez urtebete luzatu ahal izango da. Baldintza ekonomikoei dagokionez, hilero udalari ordaindu beharreko kopurua, gutxienez 800 eurokoa izango da. Interesa dutenek izena emateko aukera izango dute uztailaren 15era arte. Proposamenak Zizurkilgo udal erregistroan aurkeztu beharko dira, udal bulegoetara gerturatuta.

«Hiru-lau urteko epea jarri dugu legealdi honetan herritarrekin landu nahi dugulako Plazaetxeberriren erabilera, bide orri bat marraztu nahi genuke herriguneko beharrak ikusiz eraikinean egin beharrekoekin, eta ez dugu oraingo erabakiek ondorengo bide orri hori zailtzea nahi. Herritarrek benetako erabakimena izan behar dute», azaldu du Urruzolak.

Lehiaketaren inguruko argibideak nahi dituenak, www.zizurkil.eus atarian aurkitu ahal izango ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!