Saihesbidea egiteko konpromiso formala eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari

Ataria 2019ko ekainaren 26a

Zizurkilen dozenaka herritar kalera irten dira manifestazioan gaur arratsaldean. Diputazioari behin betiko erabakia har dezan eskatu diote.

Zizurkilen saihesbidearen aldeko manifestazioa egin dute gaur arratsaldean herritarrek. Trafiko arazo latza daukatela azaldu dute, eta konpromiso formalak eskatu dituzte:"Foru aldundiak urte mordoa darama gaia aztertzen, eta behin betiko erabaki bat hartzeko eskatzen diogu, arazo hau konpontzeko benetako beharra baitaukagu". Diputazioa larritasunaren jakitun dela azaldu dute manifestariek, "eta badaki saihesbidea behar beharrezkoa dela gure herriarentzat, horregatik eskatzen diogu lehentasuna ematea gai honi eta saihesbidea egiteko konpromiso formala hartzea. Hori lortu arte lanean jarraituko dugu".

Elbarrena erdigunetik egunero 10.000 ibilgailu inguru pasatzen dira manifestariek zabaldutako datuen arabera. Horrek egunerokotasunean izugarrizko eragozpenak sortzen dizkietela azaldu dute. "Gainera, legediak ezarritako soinu mugak gainditzeaz gain, kutsadura eta osasun arazoak ekar ditzake", gaineratu dute.

Manifestazioa deitu duten herritarrek eskerrak eman nahi izan dizkie Zizurkilgo Udal ordezkariei, "oraingoan ere euren atxikimendua eman digutelako eta espero dugu legealdi berrian ere elkarlanean jarraitzea". Arratsaldeko manifestazioan udal ordezkariak bertan izan dira, Iker Urruzola alkatea buru zela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!