'Zizurkilgo kirolariak historian zehar' beka atera dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 12a, 19:58

Irailaren 6rako aurkeztu beharko da proposamena eta beka eskuratzen duenak urtebeteko epea izango du lana burutzeko; 2.000 euro jasoko ditu.

Herriko kirolarien historia orokorra, bereziki, Danena kirol elkartearen ibilbidea eta herrian egon diren kirolarien bizitza jaso nahi da, genero ikuspegia kontuan hartuta. Beka norbanakoek eskatu ahal izango dute, baita hiru kide edo gutxiagoko taldeek ere. Udal bulegoetan aurkeztu beharko da proiektua irailaren 6a baino lehen. Gehienez bost orrialdetan, lanaren ikerketa esparrua, ikertzailearen aurreko esperientzia, helburuak, materialak, baliabideak eta metodologia eta lana garatzeko kronograma zehaztu beharko dira.

Izan ere, beka esleitu ondoren, emakida eskuratzen duenak urtebeteko epea izango du lana aurkezteko eta 2.000 euro jasoko ditu proiekturako. Amaieran aurkeztuko duen lanaren luzera gutxienez 100 orrialdekoa izango da eta jendaurrean aurkeztuko du, behin amaituta. Beka norbanakoek edo gehienez hiru pertsonek osatutako taldeek jaso ahal izango dute, baina guztiek euskara gaitasuna frogatu beharko dute, EGA edo baliokide den titulua erakutsiz. Izan ere, proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo baitira.

BEKA EMATEKO IRIZPIDEAK

Kirol batzordeko bi ordezkarik, kirol zinegotziak eta kirol teknikariak osatuko dute epaimahaia eta kirol saileko administrariak egingo ditu idazkari lanak, alkatea batzordeburu dela. Eskatzailearen espediente akademikoa eta curriculuma, ikerketa proiektuaren interesa, zuzentasuna eta balio zientifikoa, originaltasuna eta kronogramaren bideragarritasuna hartuko dira irizpide nagusitzat aukeraketarako garaian.

Dokumentazioa, irailaren 6ra arte aurkeztu ahal izango da Zizurkilgo udal bulegoetan. Bost orriko proiektuarekin batera, eskatzailearen nortasun agiriaren fotokopia, titulazio akademiko zehaztu eta osatua eta curriculum vitae-a aurkeztu beharko dira. Behin beka esleituta, diru-zenbatekoaren %30 beka ematen den une berean jasoko da, %60 lana aurkeztu eta epaimahaiak ontzat eman ondoren, eta gainerako %10a, jendaurrean aurkeztu eta gero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!