Denboraldi amaiera bikaina Danenarentzat, bi taldek igoera lortuta

Imanol Garcia Landa 2019ko eka. 6a, 19:56

Talde nagusiak preferente mailan jokatuko du, eta kadete mailako mutilek historia egin dute, maila gorenera iritsiz.

Danena kirol elkartearentzat emozioz beteriko denboraldi amaiera izaten ari da. Talde nagusia eta kadete mailako mutilak mailaz igo dira. Datorren denboraldian futboleko erregional preferente mailan izango dira talde nagusiko jokalariak, eta kadeteak talde onenek jokatzen duten Euskal Ligan lehiatuko dira.

Talde nagusiak etxean jokatu zuen, aurreko larunbatean, itzulerako partida eta, Urkiri 2-2 egin ondoren, igoera lortu zuten. Aurretik, joanekoan, 0-2 irabazi zuten zizurkildarrek. «Orain dela lau urte etorri zen belaunaldi bat taldera, eta hasi ziren helburuak jartzen, eta iaz igotzeko zorian izan ginen», esan du Josu Sarasola klubeko lehendakariak. «Disgustu horren ondoren, aurten berriro saiatu dira, eta hasieratik oso ondo ibili dira eta, nahiz eta azkenean pixka bat kostatu zaigun, eta igoera fase baten bidez izan, helburua lortu dugu. Datorren urtean preferentean izango gara, eta horrek poz handia suposatzen du jokalarientzat, entrenatzaileentzat, zuzendaritzako kideentzat eta, orokorrean, zale guztientzat».

Aurreko larunbatean Elbarrena futbol zelaia goraino bete zen. «Inoiz ez ditugu harmailak horrela ikusi. Harmaila berriak ditugunez, ondo etorri zen jende guztia sartzeko», esan du Sarasolak. Hain justu, larunbatean bertan elkarteko eguna ospatu zuten eta, Joxe Arregi plazan bazkaria egin ondoren, talde nagusia animatzera joan ziren.

DANENA, LEHEN MAILAKO HARROBIEN PARE

Kadete mailako mutilek lorpen historikoa egin dute. «Urteko ezusteko handiena izan da, ez bakarrik Danenarentzat; agian Gipuzkoan izan den ezusteko handiena izan da», esan du Sarasolak. «Horrelako herri txiki bateko talde bat kadeteen ohorezko mailan izatea ikusita zegoen, baina, Euskal Ligako mailara igotzea ez dakit norbaitek ikusi duen. Meritu handia du aurten egin dutenak». Gainera, kontuan izan behar da, mailaz bi urte segidan igo dela taldea. Aurreko denboraldian kadeteen lehen mailan zegoen, eta ohorezkora igo zen, eta aurtengo denboraldian Euskal Ligara igotzea lortu dute. «Sekulako lana egin dute, eta oso harro gaude beraiez», esan du Sarasolak.

Euskal Liga kadeteetan dagoen mailan altuena da. «Hemezortzi talde daude, maila horretan, eta bertan daude, esaterako, Reala, Athletic, Eibar... Hau da, lehen mailako taldeen harrobiko taldeak», esan du Sarasolak. «Gero Bizkaiko talde indartsuak daude, eta baita Gipuzkoakoak ere, tartean Tolosa. Euskal Herri mailan dauden talde indartsu eta famatuenak. Kontuan izateko, egun Realaren talde nagusian dagoen Ander Barrenetxea orain dela bi urte maila horretan ari zen lehiatzen. Beraz, Elbarrenatik pasatuko dira jokalari asko, agian, hemendik bi, hiru edo lau urtera, lehen mailan ikusiko ditugunak».

Datorren denboraldiari begira, helburu nagusia «lehiatzea» izango dela esan du Sarasolak: «Talde bat osatu, aurpegia ahalik eta hoberen emateko, aurkariei gauzak zailak jarri eta, gero, etortzen dena emaitzetan etorriko da, eta denboraldi bukaeran ikusiko dugu zein izango den gure lekua sailkapenean».

Hasiera batean, kadete mailako taldearen helburua ohorezko mailan mantentzea zen. «Kontuan izan behar da, taldearen herena lehen urtekoak zirela», esan du Sarasolak. «Hasi ginen partidak irabaziz, pixkana-pixkana, eta ez genuen pentsatuko igotzeko aukera izango genuenik. Baina, azkenean, aukera izan dugu eta baita lortu ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!