Udan aspertzeko tarterik ez, Zizurkilen

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ekainaren 4a

Zizurkilgo Udalak prest du uztaila osorako gazteei begirako eskaintza; ekainaren 8a da izena emateko azken eguna.

Zizurkilgo Udalak Gaztezuloko udako eskaintza guztia prest du. Egunez egun ekimen ezberdinak izango dituzte 2002-2007 artean jaiotakoek. Uda iritsi da Gaztezulora lelopean, gazteek, kirola, abentura, igerilekua, erreka,... ezagutzeko aukera izango dute, uztailaren 1etik 30era.

Zizurkilgo Udalak urtero antolatu ohi duen Oporretan euskaraz udaleku irekien eskaintza osatzera datorrela adierazi du, Maite Amenabar zinegotziak, «17 urte arteko gazteei begira eskaintza zabalduz». Herriko kirol elkarteei ere eskerrak eman nahi izan dizkie: «Programazioan parte hartzeko eskaintzari prestutasuna adierazi diotelako, eta honela herriko kirol eskaintza gaztetxoengana gerturatzeko aukera eman digutelako, Ziotza Pilota Eskola, Danena Txirrindularitza eta Denok Danena Halterofilia elkarteek».

Ane Artutxa da Gaztezuloko hezitzailea, eta Kirol Astearekin emango dietela hasiera ekimenei adierazi du: «Pilota, bizikleta, halterofilia eta atletismoa probatu ahal izango dituzte Zizurkilgo kirol elkarteen laguntzarekin. Eta astea borobiltzeko Kontxan padel surfa praktikatu ahal izango dute».

Hurrengo asteak abenturari lotutakoak izango direla argitu du Artutxak: «Txindokiko Itzala abentura parkera irteera egingo da, Olaberriko Karting zirkuitura eta baita Lasarteko Paintballera ere». Udako beroari aurre egiteko igerilekuetara edo errekara ere joango dira: Hernaniko eta Asteasuko igerilekuetara eta Leitzarango errekara. «Asteasuko igerilekua gertu dugunez, bertara bizikletaz joateko aprobetxatuko dugu».

«Gaztetxoen artean sortuko diren harremanak sendotzeko, berriz, bi eguneko irteera bat proposatu diegu Goizuetako Zubimuxu aterpetxera. Ingurunea baliatuz ekimen ezberdinak gauzatuko ditugu», kontatu du hezitzaileak.

Izen ematea zabalik dago, eta Zizurkilgo Udaleko bulegoetan edo Gaztezulon bertan eman beharko da larunbata bitartean, eta bertan izango da eskura informazio osatua. Ekintzak aukeratzeko aukera izango dute dagokion kuota ordainduz, baina kirol astearen kasuan, aste osorako eman beharko dute izena. Ekintza guztietan izena ematen dutenek, aldiz, 125 euroko kuota murriztua ordainduko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!