Pilotariei eta aizkolariei begira egon dira Zizurkilen

Ataria 2019ko maiatzaren 15a

San Isidro Eguneko egitarauan kirola izan da protagonista goizean. Ondoren, trikitilari eta bertsolariekin bazkaltzera joan dira.

12:00etan pilota partidak izan dituzte Zizurkilen. Ioritz Egiguren eta Iker Elizegik 20-22 galdu dute Julen Aizpuru eta Julen Alberdiren aurka. Eskualdeko lau pilotarien arteko lehia oso borrokatua eta polita izan da.

Ondoren, aizkolarien txanda izan da. Hemen ere etxekoak lehian ibili dira, baina elkarren aurka. Joseba Otaegik Aitor Urteaga idiazabaldarrarekin osatu du bikotea. Jon Irazuk, aldiz, Alkizalete asteasuarrarekin. Zortzi enbor ebaki behar izan ditu bikote bakoitzak. Hasiera paretsu baten ondoren, hirugarren enborrean Irazu eta Alkizalete jarri dira aurretik. Abantailari hurrengo enborrean eman diote, ordea, buelta Otaegik eta Urteagak. Hortik aurrera nagusi izan dira eta errentari amaiera arte eutsi diote.

Zizurkilgo pilotalekuan elkartu diren herritarrak Iriartera joan dira ondoren bazkaltzera, bertsolariak eta trikitilariak lagun zituztela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!