Biala orain!

Erabiltzailearen aurpegia 'Biala orain!' bizilagun taldea 2019ko mai. 3a, 19:58

Denbora daramagu zizurkildarrok trafikoaren arazo latza jasaten. Bulandegi eta Hernio bidetik pasatzen den ibilgailu kopurua 10.000tik gorakoa da eguneko, ibilgailu astunak barne. Kontuan hartu behar da, Asteasuko industria gunera joateko bide bakarra dagoela, eta hori Elbarrenako erdigunetik pasatzen dela; horrek egunerokotasunean sortzen dizkigun eragozpenez gain, kutsadura eta osasun arazoak ekar ditzake.

Legediak ezarritako gehiengoak gainditzen dira Bulandegi bidean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko abuztuan egindako soinu neurketen arabera. 1367/2007 Errege Dekretuak ezartzen dituen bizitoki eremuetarako gehienezko zarata mailak 60dB(A) koak dira egunean zeharrerako eta 50dB(A)koak gauerako. Bulandegin, egunez 70-74 dB(A) eta gauez 60-64 dB(A)ko zarata mailak neurtu ziren, legeak ezarritako mugak gaindituz.

Arazoaren inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak bere kabuz erabaki eraginkorrik hartzen ez zuela ikusita, herritar talde bat bildu ginen, gaiari eutsi eta dagokionari irtenbidea emateko eskatzeko. Geure kabuz bildu ditugun datuen arabera, foru aldundia 1990ean gaia aztertzen hasi zela egiaztatu dugu, Estudio preliminar de la variante de Zizurkil y sus conexiones con la red viaria existente y prevista azterketaren bidez. Lehenengo azterketa horren ondoren, gaur egun arte afera hamaika aldiz tratatu da proiektu ezberdinak idatziz, eta udala eta foru aldundiaren arteko bilera ugari egin dira, baina, ez da inoiz, behin betiko erabakirik hartu. Eta ez da txantxa, gaia 29 urte luzatu da. Eta orain ere foru aldundiak beste proiektu batzuei eman die lehentasuna, aurrekontu eza argudiatuz, aipatutako saihesbidea egiteko.

2018an herritarrok egindako kanpaina batean, 350 sinaduratik gora bildu genituen, Zizurkilgo saihesbidea egiteko eskaerari atxikimendua ematen zietenak. Sinadura horiek, bai Zizurkilgo Udalari eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiari ere, helarazi dizkiogu. Bestalde, aipatzekoa da udal agintari batzuk herritar taldearekin hartu eman zuzenean daudela, eta Zizurkil, Asteasu eta Alkizako udalek euren babesa erakutsi digutela, aipatutako eskaera sinatuz. Baina erabakia aldundiak hartu behar du, berea baita eskumena.

Pasa den martxoan, bide azpiegituretako foru diputatua den Aintzane Oiarbiderekin bildu ginen, eta argi utzi zigun, ez dagoela aurreikusita, epe laburrean, saihesbidea egitea, euren ustez, beste lehentasun batzuk baitaude Gipuzkoan. Bestalde, aipatu zigun, abuztuan Bulandegi eta Hernio Bideko errepidearen zoruaren eraberritze estrukturala egingo dutela. Gure ustez, eraberritze lan horiek Zizurkilen daukagun arazoa ez konpontzeaz gain, errepidea ibilgailu astunak pasatzeko prestatzen dute beste urte batzuetarako, beraz, arazoa finkatu besterik ez dute egingo.

Agerian geratzen da Gipuzkoako Foru Aldundia egoeraren larritasunaren jakitun dela, eta bere utzikeriak zizurkildarroi bigarren mailako hiritar moduan sentiarazten gaitu. Horregatik, 'Biala orain!' bizilagun taldeak, kanpaina bat jarri dugu martxan, eta aldundiari aipatutako saihesbidea egiteko konpromiso formala eskatzeko, hainbat mobilizazio prestatuko ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!