Zizurkilgo herria bizirik, hilabetez

Jon Miranda Labaien 2019ko mai. 3a, 11:58

Aurten, Maiatza Saltsan programazioaren antolakuntzan garrantzi berezia hartu dute herriko elkarteek; esate baterako, Loatzo musika eskolak hiru ekitaldi antolatuko ditu, gaur bertan hasita.

Aspaldikoa da Vilafranca del Penedes herriko eta Loatzo musika eskolaren arteko trukea. Aurreko otsailean eskualdeko musikariek Kataluniara egindako bisita itzuliz, atzoz geroztik Bartzelonako 60 ikasle dabiltza eskualdean. Tolosaldeko hainbat herri bisitatzeaz gainera, bihar, Zizurkilen eskainiko dute ekitaldi nagusia. Maiatza Saltsan egitaraua abiatzeko balioko du, Joxe Arregi plazan 19:00etan hasiko den kontzertuak. Bi musika eskoletako ikasleak elkarrekin arituko dira.

Miren Mujika Loatzo musika eskolako lehendakariak eskerrak eman nahi izan dizkie herriko eragileei eta ikasleen gurasoei, haien laguntza ezinbestekoa baita, elkartrukea gauzatzeko: «Kataluniatik etorri diren ikasleek hemengo ikasleen etxeetan egiten dute lo, eta kontzertuaren ondoren plazan egingo den herri afaria prestatzen ere lagundu digute gurasoek». Emanaldian, Bukalai dantza taldeko kideek eta Zizurkilgo erraldoiek ere hartuko dute parte.

Bost urte dira, Zizurkilgo erraldoi eta buruhandien konpartsa sortu zela, eta aurtengo Maiatza Saltsan ekimenean ekitaldi batean baino gehiagotan izango dira presente. Festa handia, ordea, maiatzaren 11n izango da. Hainbat herrietako erraldoi eta buruhandiak bilduko dituzte Zizurkilen; aurreratu dutenez, 30 erraldoi inguru izango dira. Eguna biribiltzeko, herri bazkaria egingo dute plazan.

Egun horretan bertan, Alurr dantza taldearen Irradak emanaldia izango da ikusgai, Intxaur frontoian. Herriko Bukalai dantza taldeko kideek parte hartze zuzena dute Aiert Beobidek zuzendu duen ikuskizun horretan.

MAIATZA SALTSAN

MAIATZAK 3, OSTIRALA

19:30. Erakusketa baten inaugurazioa.

17:30 - 19:30. Buruhandi arinak egiteko tailerra Atxulondo kultur etxean.

MAIATZAK 4, LARUNBATA

19:00. Loatzo musika eskolako eta Vilafranca del Penedeseko ikasleen kontzertua Joxe Arregi plazan.

MAIATZAK 5, IGANDEA

11:00 - 14:00. Jubilatuen eguna.

MAIATZAK 8, ASTEAZKENA

10:00. Pausoka, adinak ez du inporta ekimena Asteasuko bidegorrian. Gero hamaiketakoa plazan.

MAIATZAK 10, OSTIRALA

19:00. Plazida Otañoko ikasgelan, poema musikatuak. Maria Urroz pianoan, Oihana Artola biolinarekin eta Garazi Otegi narratzaile gisa.

22:30. 40 urte eta aldapan behera monologoa Atxulondo tabernan.

MAIATZAK 11, LARUNBATA

10:00. Erraldoien topaketa. Goizean zehar herriko kaleak alaituko dituzte kalejiran eta ondoren herri bazkaria izango da plazan.

22:00. Alurr dantza taldearen Irradak dantza emanaldia Intxaur frontoian.

MAIATZAK 17, OSTIRALA

17:30. Ikastetxeetako bertsolaritza ikasle eta Loatzo musika eskolako koro eta ikasleen emanaldia Atxulondo kultur etxean.

MAIATZAK 18, LARUNBATA

11:00. Zizurkilgo XX. Biatloia herri gunean. Adin guztietako umeek parte hartu ahal izango dute.

17:00. Gipuzkoa Bertsotan. Sailkapen faseko saioa, Atxulondo kultur etxean.

MAIATZAK 23, OSTEGUNA

15:00. Emakumeen biraren bigarren etapa Adunan hasi eta Amasan bukatuko da.

MAIATZAK 25, LARUNBATA

10:30. Pedro Mari Otaño plazatik abiatuta Tolosaldeko mintzalagunen irteera. Zizurkilgo txoko desberdinak ezagutzeko aukera izango da.

MAIATZAK 28, ASTEARTEA

18:00. Monika Leivarekin irakurketa kluba Toda pasión apagada liburuaz, gaztelaniaz.

MAIATZAK 31, OSTIRALA

15:15. Ipuin solidarioak eta nigeriar janari tailerra eta dastaketa.

EKAINAK 1, LARUNBATA

Egun osoan. Amasa-Villabonan Senidetze Eguna ospatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!